Amasa-Villabonako Santio jaiak 2026

Dena prest zortzi eguneko festa maratoia abiatzeko

Erreboteko plazan, udal ordezkariek festa batzordean parte hartzen duten eragileekin batera aurkeztu dute jaietako egitaraua.

Uztailaren 24tik 31ra egingo dituzte Santio jaiak Villabonan. Seaska haur eskolak eta Besamotza konpartsak elkarrekin jaurtiko dute suziria, eta, modu horretara, festa batzordeak aitortza egin nahi die bi eragileei. Amasa-Villabonako alkate Beatriz Unzuek eskerrak eman dizkie jaiak antolatzen lanean aritu diren norbanako, elkarte, talde, boluntario eta udal langile guztiei: «Guztien konpromisoari eta lanari esker osatu da egitarau erakargarri hau».

Udalak herritar guztiak animatu ditu antolatutako ekintzetan parte hartzera, herriko ohiturak eta kultura ospatzera eta Santio jaietako giroaz gozatzera. Alkateak esan du ospakizunen ardatzak elkarbizitza eta errespetua direla. «Festak berdintasunean eta elkarren zaintzan oinarrituta, guztientzat espazio seguru, aske eta inklusiboak izatea nahi dugu. Ez beti da ez». Era berean, aurtengo jaiak ospatu ezin dituzten herritarrak ere gogoan izango dituztela adierazi du, eta haien alde topa egingo dutela, Santioen izaera komunitarioa eta elkartasuna indartuz.

Jai egitarau oparoa

Urtero bezala, Santio egunaren bezperan abiatuko dituzte jaiak, eta festen hasierako suziria pizteko ohorea izango dute Besamotza konpartsak eta Seaska haur eskolak. «Aitortza egin nahi diegu bi eragileei: alde batetik, haur eskolari, herriko haur txikienen zaintza eta heziketan egindako 50 urteko lanagatik; eta, bestetik, konpartsari, azken hamarkadan Villabonako kaleak erraldoi, ipotx eta buruhandiekin alaitzeagatik».

Jaiak aurkezteko agerraldian izan dira erraldoi, buruhandi eta ipotx horietako batzuk, festa batzordean parte hartzen duten beste hainbat eragile eta norbanakorekin batera. Joxean Cubero kultura teknikariak eman ditu aurtengo jaien inguruko xehetasunak.

Hasteko, egitarautik kanpo, larunbatean 17:30ean plazan egingo duten pentatloia nabarmendu du teknikariak. Txupinazoaren egunean, bestalde, nobedade bat izango da goizaldean, 01:00etan, Txistulari plazan: DJ Jotasen emanaldia. Kirol arloan, XIV. Antton Pebet memorialari ere egin diote erreferentzia aurkezpen ekitaldian. Uztailaren 26an jokatuko dituzte finalak, eta ETBk telebistaz emango ditu partidak. Sarrerak aurrez eskuratu ahal izango dira: uztailaren 15ean, 18:30ean, emakumeen eskuzko finalerdietan; eta uztailaren 16an, 18:00etan, izango diren gizonezkoen finalerdietan. Finalaren egunean, goizez ere jarriko dituzte sarrerak salgai.

Santa Ana egunean ere, azken urteetako ohiturari jarraituz, konpartsa aterako da kalera, Zunbeltz elkarteak bultzatuta. Luxuzko itsasaldia izango da aurtengo gaia, eta arratsaldeko kalejiraren ondoren, aurten, San Bingo musikala egingo dute 20:00etatik aurrera. Behin bingoa bukatuta, DJ bat ariko da plazan.

Gazteen eguna uztailaren 28an egingo dute, eta Nafarroa 1512 eta Les Testarudes taldeak arituko dira aurtengo kontzertu gauean. Kuadrillen eguna, berriz, uztailaren 30ean, ostegunez, egingo dute, eta, eguraldiak laguntzen badu, Etxeondo parkean egingo dute kuadrillen bazkaria.

Cuberok azpimarratu du herritar guztientzat prestatu dituztela aurtengo jaiak, askotariko adin eta gustuetako pertsonentzat, jaietan parte hartu eta goza dezaten.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!