Egipton, azken aldiz, duela hiru hilabete izan da Karlos Almorza (Andoain, 1959). Aranzadiko ikertzailea da bera, Historian Doktorea. Antzinako historiari buruzko ikasketak egin zituen, eta tesia, egiptologiari buruzkoa. 18 urte dira Amasan bizi dela.
Zergatik hasi zinen egiptologia ikasten?
18 urte nituenean Parisera joan nintzen, Axun Almorza izeba bertan ari baitzen lanean. Bisita horretan, egun batean, izebari zer egin behar genuen galdetu nion. Berak lana zuenez, Louvrera joateko esan zidan. Txantxetan esaten dut, baina horrela izan zen, museoan ez nituen 25 pertsona ere ikusiko. Oroitzapen hori daukat. Oso jende gutxi zegoen egun hartan Louvren. Miloko Venusa, Migel Anjelen esklaboak… ezagunak egin zitzaizkidan. Baina, gero, gela batean sartu nintzen. 360 graduko itzuli bat eman nuen, begiak zabal-zabalik, eta esan nuen: «Nik hau egunen batean ikasi egingo dut». Bat-bateko maitasuna izan zen. Hango irudiak, hango idazkera… «Hau zer kristo da!», esan nion neure buruari. Eta ondoren, aukera izan nuenean, ikasi egin nuen. Batez ere, idazkera hieroglifikoa.
Zein da zuretzat egiptologiak duen ezaugarri nagusiena?
Historia aztertzerakoan gauza bat argi geratzen da, eta horretan bat egiten dugu ikertzaileok eta historia zaharrak esaten duenak: Egipto basamortu bat da. Gaur egun ere hala da: lurraren % 90 basamortua da. Hekateok aurrena eta ondoren Herodotok horrela esan zuten garai haietan: Egipto Niloren dohaintza da. Nola azaldu bestela, horrelako ingurune zail batean, herri batek aurrera egitea. Orduan, ordea, gaur egun ez dauden bi ezaugarri nagusi zeuden: izugarrizko uholdeak, eta horrek ekarritako ongarria.
Niloren gorabeherak kontrolatzen zituzten, beraz, aurrera egiteko.
Ez. Nilo ez zuten inoiz kontrolatu, baina bai bideratu. Urak handituta etortzen zirenean, uholdeek lau hilabeteko iraupena izan zezaketen, egiten zutena zen urak zabaltzea. 30 bat zentimetroko ur-andeletan eusten zioten Niloko urari. Lehortzen zenean, ongarria han geratzen zen. Horrela lortzen zituzten hiru uzta.
Gaur egun ez dago uholderik, ezta?
Ez. Nilo hura jada ez da existitzen, bi presa handi egin dituztelako. Nilok galdu ditu, eta Egiptok ere bai, horrenbesteko hedakuntza eman zien ezaugarri nagusi haiek. Baina aldi berean esan behar da, gaur, Nilo ibaia inoiz baino emankorragoa dela.
«Ezaugarri nagusi haiek galdu dituen arren, gaur egun, Nilo ibaia inoiz baino emankorragoa da»
Zergatik?
Lehen esan bezala, bereziki bi presa nagusi egin dituzte. Bat Etiopian eta bestea Egipton. 250 milioi pertsonei buruz ari gara. Modu horretan, argindar asko lortzeko aukera izan dute. Horrek esan nahi du izugarrizko oinarri ekonomikoa daukatela. Anekdota moduan aipatu, Etiopiak argindarra saltzen duen bezala, Egiptok sortzen duen energia guztia bere onurarako erabiltzen duela, besteak beste, turismoak bultzatuta. Badago aldea.
Eta egun, zein da Egiptok duen ezaugarri nagusia?
Ondarea. Eta bere barruan idazkera hieroglifikoa sartuko nuke. Niretzat idazteko modu hori gauzarik zoragarrienetakoa da.
Ondarearen barruan ondasun mugiezinak eta mugitzen direnak daude, definizioz; higigarriak eta higiezinak. Teorian, zein dira mugitu ezin direnak? Tenpluak, piramideak, eta bertan aurkitzen diren gauzak; idazkiak, testuak… Zergatik diot teorian? Abu Simbel, adibidez, higiezina delako, berez. Asuan presa eraiki zutenean, ordea, lekuz aldatu beharra izan zuten. Filaeko tenpluarekin ere gauza bera gertatu zen.
Horrenbesteko garrantzia al zuten bi leku horiek?
Bai. Abu Simbel muga zen, garai bateko hegoaldearekin; gaur egungo Sudanekin. Filae, aldiz, gaur egun garrantzi handiko tenplua bilakatu da. Ederra izateaz gain, hieroglifikoz idatzitako azken idazkia bertan dagoelako.
Ondasun higiezinekin jarraituz, Asuan eremuaren inguruan, garai bateko Tebas, Luxor eta horiek guztiak oraindik bertan mantentzen dira. Izugarrizko ondarea daukate. Zer esanik ez piramideez edo Alexandriaz hitz egiten baldin badugu.
Horiek izango lirateke ezaugarri nagusiak, ondasun higiezinak?
Ez, guztiz. Baina aurrera egin aurretik, Keops piramidea aipatu nahiko nuke. Egun, Egipton, 110 bat piramide daude.
Zergatik da Keops hain berezia?
Ikono bat da, antzinate klasikoko munduko mirarietako bat. Egiptoren eta bere zibilizazioaren isla bat da. Bere handitasuna hain da izugarria, egun ikertzen jarraitzen dutela. Horren eraikuntza handia izanik, pentsatzen dute barruan oraindik zerbait aurkituko dutela. Teknologia aurrera doan heinean, aukera berriak sortzen dira gauza horiek aztertzeko.
Interesgarria.
Nik gauza bat azpimarratu nahiko nuke puntu honetan. Euskal Herria adibidetzat jartzen baldin badugu, Ekaingo kobazuloa daukagu. Babesteagatik itxi egin genuen, eta Ekainberri erreplika zoragarria sortu. Oso ondo islatzen du Ekaingo koban dagoena. Egipton, Abu Simbelera edo Erregeen Haranera joaten zarenean originalak ikusten dituzu. Hori bai, jendetza ibiltzen da bertan, eta ondorioz, poliki-poliki irudien kalitatea galtzen doaz. Lehen aipatutako Filae tenplua horren adibide garbia da. Hieroglifikoz idatzitako azken idazkia bertan dago, baina nola... Nik barruan izugarrizko mina sentitzen dut hura nola dagoen ikusita. Nik idazkia moztu egingo nuke, gorde eta leku berezi batean jarri beira-arasa batekin, guztiz babestuta. Begira, hau da hieroglifikoz idatzitako azken idazkia.
Eta nola dago, egun?
Hondatuta. Zaindu gabe. Tenplu baten barruan dago, baina ez zara jabetzen han dagoenik ere. Niretzat izugarrizko altxorra da. Hala eta guztiz ere, egiptoarrak hasi dira mugitzen. Izan ere, gaur egun Egiptoko leku batzuetara ezin zaitezke sartu. Eta niri, hori oso ondo iruditzen zait.
Lehen erantzun duzunagatik, egungo Egiptoren ezaugarri nagusien artean, ondasun higigarriak ere egongo lirateke.
Hor Egiptoko Museo Handia azpimarratu behar da. Museo berri bat egin dute, eta izugarri ona iruditu zait. Eta, gainera, gauza bat erakusten du museo horrek, niretzat izugarrizko garrantzia duena. Egiptologiaz hitz egiten dugunean, azken 200 urteko zientziaz ari gara hizketan. Azken bidaia honetan sentitu dut, lehendabiziko aldiz, egiptologia egiptoarren eskuetan dagoela. Hori niretzat zoragarria izan da. Nire ustez antzinako kulturaz beraiek jakin behar dute zer aztertzen ari diren. Orain arte kolonialismoak erabili duen kultura bat izan da, eta orain, ikustea bertakoak direla ikerketan dabiltzanak, besteentzat ere lekua utziz, izugarrizko poza sentitu dut. Hor irakurketa ekonomiko bat ere egin daiteke, eurentzat guztiz onuragarria dena.
Adibide zehatzen bat?
Esan dudana, oso irudi polit batekin laburbilduko dut. Duela 15 urte, Karnakeko tenpluan obelisko bat lurrean etzanda zegoen. Antzina lurrikara bat izan zen eta obeliskoa puskatu egin zen. Gaur, obeliskoaren goiko zatia zutik ikusi dut, bere lekuan jarrita. Hori ikustean, sentsazio eder hori izan dut; kultura egiptoarren eskuetan dagoela, eta zutik dagoela. Zentralitate hori egiptoarrek hartu dutela ikusi dut, eta horrek izugarrizko poza ematen dit.
Zer geratzen da zibilizazio hartatik?
Lehen aipatu bezala, kultura haren horrenbesteko hedapena ekarri zuten ezaugarriak desagertu egin dira. Baina gaur egun, beste gauza piloa aurkitzen ditugu. Gauza garrantzitsu bat azpimarratu nahiko nuke. Egiptoko kultura ez da izan nahita gordetako ondare bat. Nire ustez, basamortuak eman dio babes hori. Basamortuaren ezaugarri nagusienetako bat hezetasun eza da. Duela 4.600 urteko papiroak aurkitu dituzte, eta nahiz eta zatika egon, oraindik irakurtzen ditugu. Horrek esan nahi du gauza asko kontserbatu egin direla giro lehor horri esker. Oraindik lur azpian gauza asko egon daitezke; kultura hari buruzko aztarna berriak, bereziki idazkietan. Nire ustez, oraindik izugarrizko ezustekoak izango ditugu.
Bestalde, zibilizazio hartatik, zeharkako ondorio bezala, turismoa geratu zaigu. Hori ez da erraza kontrolatzea eta gidatzea. Urtero milioika pertsona jartzen dituzunean basamortuan, Niloren inguruan joan-etorrian, ez da erraza. Klima kasu honetan ere oso berezia da, ezin baitzara edozein urtarotan joan bertara. Urritik apirilera joanez gero, galtza motzetan ere ibil zaitezke, baina hortik kanpo, kontuz. Izugarrizko beroa egiten du. Turismoaren masifikazio horrek bertako azpiegituretara ere egokitu beharra dauka. Adibide zehatz bat jartzeagatik, kruzeroek ezin dituzte hiru solairu baino gehiago eduki, bestela, bertako zubi-azpietatik ez liratekeelako pasako. Adibidez, azken bidaian ezusteko ederra izan genuen. Ez dakit zenbateko karga generaman, baina zubi baten azpitik pasatzerakoan, igurtzi ederra eman genion zubiari.
Behin baino gehiagotan adierazi duzu deigarria egiten zaizula aitzinako Egiptoko zibilizazioan zein bizkorrak ziren.
Bai. Alexandriako liburutegia erre zenean, adibidez, 300.000 liburu edo dokumentutik gora galdu ziren. Piramideen aurrean jartzen zarenean, zeure buruari galdetzen diozu zein matematika erabili ote zuten horrelako gauza bat egiteko. Aurkitu diren papiroetan jakintza haren aztarna zoragarriak ikusi ditugu; 40 suge klase identifikatu zituztela, adibidez, eta koska eginez gero zer egin behar zen. Medikuntzari buruzko papiroak, matematikari buruzkoak… Eratostenesek garai hartako Egipton lortu zuen jakitea Lurraren zirkunferentzia zenbatekoa zen. Euren esperientziak idatzi egiten zituzten, eta milaka urtetako jakinduria zegoen idatzi edo dokumentu horietan. Eskolak ere hor zeuden. Nik ez dut esango hango jendea gu baino bizkorragoa zenik, baina jakinduria hartu eta idazten duzunean, ondorengoek badakite zer egin duzun eta zergatik.
Gizartea nola antolaturik zegoen ere islatzen dute dokumentu horiek.
Bai, baina irakurketa okerrak ere egon dira. Hitzak ondo neurtu behar dira. Adibidez, zuk piramide bat egiten duzunean, eta erlijioek esaten dutenean esklaboek egin zituztela, eta ondoren handik ihes egin behar izan zutela, anakronismo batez ari zara hizketan. Juduak, izatekotan, Gizako piramideak egin eta handik mila urtera alde egin zuten, eta esan dut izatekotan. Egiptoarrek piramideen ondoan langileen hilobiak aurkitu dituzte, eta badakite egiptoarrak zirela. Hori beraientzat izugarrizko harrotasuna izan da, badakitelako piramideak eurek egin zituztela. Irakurketa soziala egiten saiatzen garenok, badakigu hango pertsona bakoitzak bere baratza zeukala, zergak ordaintzen zituela, emakumeek ere bai; alargun geratuz gero, lurra beraiena zela hil arte…
Nire ustez, piramideak egin zituztenak estatuaren morroiak ziren. Hitz egokia hori dela iruditzen zait, gaur egungo ikuspegitik azaltzeko zein egoeratan zeuden han lan egin zutenak.


