Alkateen Mugimenduarekin bat egin du Amasa-Villabonako Udalak

Ataria 2026ko ekainaren 25a

Bide batez, foruen abolizioaren 150. urteurrenean, jatorrizko eskubide historikoen eta burujabetza instituzionala aldarrikatu du udalbatzak; EH Bildu eta EAJk egin dute adierazpenaren alde, eta PSE-EEko zinegotzi bakarrak kontra.

Uztailaren 19an Bergaran ekitaldi politiko-instituzionala egingo dute Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena eta foruen abolizioaren 150. urteurrena gogoratzeko. Amasa-Villabonako Udalak bat egin du ekitaldiarekin, EH Bilduk eta EAJk elkarrekin aurkeztutako mozioak proposatuta; bi alderdien babesarekin eta PSE-EEko kontrako botoarekin egin du udalbatzak adierazpenaren alde.

Bi efemerideen garrantzia historiko, politiko eta instituzionala onartu du udalak mozioaren bitartez. 150 urte dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-erregimenaren murrizketa eta abolizio prozesutik –Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan 1789 urte inguruan; Nafarroa Garaian 1841ean–. Udalak uste du euskal lurraldeen jatorrizko eskubide historikoen eta burujabetza instituzionalaren galera ekarri zuela foruen desagertzeak, eta aldarrikatu du gaur egun eskubide horiek ez direla iraungi.

Are gehiago, euskal nazioa osatzen duten herritarrek beren etorkizun politikoa modu libre eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du Amasa-Villabonako Udalak. Norabide horretan, beharrezkotzat jo du foru integrazioaren eta burujabetza osoaren bidean urrats berriak egitea. Gaur egungo behar demokratiko, sozial eta instituzionaletara egokitu eta eguneratu beharko dira Euskal Herriko lurraldeen eskubide historikoak eta autogobernua.

Mozioaren bitartez udalak konpromisoa hartu du Euskal Herriaren eraikuntzan erakunde demokratikoen, eta bereziki, udal erakundeen rola indartzeko. Adierazpenarekin foru tradizioan, udal demokrazian eta herri ordezkaritzan udalerriak izan duten eginkizun erabakigarria onartu dute, eta bat egin dute Alkateen Mugimendua gogoratzeko uztailaren 19an Bergaran antolatu duten ekitaldi politiko-instituzionalarekin. 1976ko udal ordezkariek Euskal Herriaren eskubide historikoen alde hartu zuten konpromisoa berrituko dute ekitaldian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!