Dortsal gutxi geratzen dira V. Trikuharri lasterketarako

Ataria 2026ko ekainaren 18a

Amasa-Villabonako mendi lasterketa hilaren 27an egingo da, ohiko moduan bi ibilbiderekin. Minbiziaren aurka egiten dutenak omenduko dituzte.

Amasa-Villabonako V. Trikuharri mendi lasterketa izango da jokoan hilaren 27an, larunbatez. Bi ibilbideetan ez da aldaketarik izango. Motzean, 12 kilometrokoan, Onddolar igo eta jaitsi egingo dute, eta luzean, 24 kilometrokoan, Onddolar eta gero Belabietara joango dira, hortik Loatzora, ondoren Uzturrera joan, eta berriro Loatzotik igaro ondoren Villabonara jaitsiko dira. Luzea 09:30ean hasiko da, eta motza 09:45ean.

Sariei dagokienez, iaz lasterketa luzean ipini zuten sari bereziari eutsiko diote, eta Loatzotik Villabonara jaisten denbora onena egiten duenak lortuko du. Lasterketako sariei dagokienez, motzean lehenengo hiru emakumezko eta gizonezkoei emango zaie, eta luzean lehenengo bostei. Horrez gain, bi lasterketetan lehengo emakumezko zein gizonezko billabonatarrek izango dute beraien saria.

Izena emateko aukera zabalik dago, eta bi lasterketen artean 20 dortsal inguru bakarrik geratzen dira. Beste urteetan bezala, guztira 500 parte hartzaile izatea espero dute antolatzaileek. Plaza guztiak betetzen badira, itxaron zerrenda irekiko da. Izena emateko Kronoak.com webgunera sartuta egin daiteke, eta epea hilaren 23an gaueko hamabietan bukatuko da.

Urtero antolatzaileek omenaldi bat egiten dute, eta aurtengoan minbiziaren aurka egiten dutenak izango dituzte gogoan. Batetik, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartea omenduko dute, eta, bestetik, gaixotasuna pasatu edota gaur egun gaixo dauden billabonatarrak. Aurreskua dantzatu eta lore sorta emango zaie mendi lasterketa luzea hasi aurretik.

«Eguraldi oso ona» aurreikusten dela esan dute antolatzaileek, eta gomendatu dute korrikalari bakoitzak bere plastikozko botila malgua edo soft flask-a eramatea: «Korrikalariaren poltsan oparituko da soft flask bat, eta beroarengatik bakoitzak berea badu, hori ere eramatea aholkatzen dugu».

Urtero moduan, Irrintzi elkartean bazkaria prestatuko da parte hartzaileentzat eta boluntarioentzat. Izena ematerakoan azaldu behar izaten da bazkaldu nahi den ala ez. Korrikalariek ez dute ordaindu behar, eta parte hartzaile izan ez den norbaitek bazkaldu nahi badu bost euro ordaindu beharko du. 150-200 pertsona espero dituzte bazkaltzeko.

Berritasunik ere bada, kontzertua izango baita egun horretan, arratsaldean, Errebote plazan, Trikuharri mendi lasterketaren antolatzaileek antolatuta. Black Smoke taldeak emango du, 19:00etan hasita.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!