Sare Herritarraren eledunetako bat da Beñat Uribe-Etxeberria Perez (Villabona, 2000). Haren ustez, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko mugimendua fase berri batean sartzeko moduan dago, baldin eta herritarren ahalegin kolektiboak bultzada ematen badio.
Egiguzu argazki orokor bat. Zenbat euskal preso, iheslari eta deportatu daude une honetan?
Zigorra betetzen ari diren euskal presoak gaur gaurkoz 112 dira –horietatik 96 EPPKkoak–. Erradiografia txukunagoa egiteko, esan dezagun 112 horietatik 63 direla egunerokoan kalea zapaltzen ari direnak –100.2 artikuluarekin edo hirugarren graduarekin–, eta 49 erregimen itxian daudenak. Erbestean 16 pertsona daude: 13 iheslari eta hiru deportatu.
Zein da egoera Tolosaldeari dagokionez?
Erregimen itxian honako presoak daude: Gari Etxeberria lizartzarra –EPPKtik kanpo–; Jon Rubenach iruindarra, lizartzartzat hartzen dutena; Karlos Besance eta Manex Castro billabonatarrak. Gainerakoak egunerokoan kalea zapaltzen ari dira: Oskar Zelarain eta Iñigo Guridi billabonatarrak, Anabel Egues elduaindarra eta Aitor Agirrebarrena lizartzarra. Etxeberria eta Zelarain Zaballan daude, Castro eta Rubenach Martutenen, eta Besance Basaurin.
Salbuespeneko politikak aplikatzen zaizkie oraindik presoei?
Bai. Legediak dio, presoak irteera programatuak –goizean irten eta gauean itzuli–egiteko aukera duela zigorraren laurdena betetakoan; progresiboki, irteera horiek ugaritzen doaz. Euskal presoen kasuan, ordea, ez da ohikoa hori gertatzea: zigorraren erdia bete arte ez diete irteera baimenik ematen. Eta berdin bestelako baimenekin ere: zigorraren erdia betetzerakoan, hirugarren gradurako eskubidea du presoak, baina euskal presoen kasuan ia hiru laurdenak osorik beteta edukitzea eskatzen diete graduz aldatzeko; zigorraren hiru laurdenak beteta dituzten presoek baldintzapeko askatasunerako eskubidea dute lege arruntaren arabera, baina euskal presoen kasuan ez da gertatzen, zigor osoa betetzeko urtebete edo pare bat falta zazikienean baino ez dituzte baldintzapean aske uzten.
Zer da 100.2 artikulua?
Bigarren gradu arindu bat izango litzateke. Presoak kartzelan egin behar du lo, baina astelehenetik ostiralera badu aukera egunez ateratzeko; boluntariotza bat, lana edo ikasketak direla eta, ordutegi jakin batean espetxetik ateratzeko aukera dute. 20 bat euskal presori aplikatzen zaie gaur egim, eta gehienek kondenaren erdia baino gehiago beteta dute, beraz, hirugarren graduan egon behar lukete. 100.2 artikulua urtetan erabili izan da, gertatzen dena da orain erabilera mediatikoa egin dela artikuluaz eta zalaparta sortu nahi izan dutela. Badira, inkluso, kode penalean artikuluaren berridazketa bat eskatzen ari direnak.
Non dago erronka?
Erregimen itxian dauden 49 preso horietan dago. Gehienek betetzen dituzte baldintzak egunerokoan kalea zapaltzeko. Hamarkada luzeak daramatzate kartzelan eta kondenaren zati handia betea dute. Epe motzera, sei-zazpiri asko aldatu dakieke egoera, 7/2014 legea aplikatu eta Frantziako estatuan betetako zigorra kontuan hartuko balitzaizkie. Indarra egingo dugu norabide horretan.
Eta korapilo handiena, berriz, non dago?
Korapilo handi bat nabarmendu beharko bagenu iheslari eta deportatuena da. 2026an bi iheslarik galdu dute bizitza lau hamarkada erbestean pasatu ondoren. Oso korapilatua dagoen auzia da: ez dute inongo baliabide edo aukerarik itzultzeko. Etorriko balira, 30 urteko espetxealdiaren arriskua izango lukete bizkar gainean.
Euskal espetxe ereduarekin gauzak aldatu al dira?
Eskuduntzak iritsi ahala aipatu zuten euskal espetxe ereduaren kontzeptua eta guk, hasiera batean, prudentzia handiarekin hartu genuen. Ikusten hasi gara badagoela borondate bat, birgizarteratzearen logikan, erregimen irekiaren aldeko apustua egiteko. Adierazpen asko egiten dituzten arren, praktikan neurri gutxi batzuk hartu dira orain arte; euskal presoen kasuan salbuespenezko espetxe politikak jarraitzen du izaten ohikoena. Euskal espetxe eredu horretan asko dago oraindik sakontzeko.
Etorkizun laburrean, oraingo mobilizazio dinamika iraunkorra bukatu daitekeela uste duzu?
Nahi genuke mobilizazio dinamika horri amaiera ematea, eta nahi genuke amaiera emateko baldintzak sortzea. 2026-2027 ikasturteak ahalegin berezia eskatzen du: ardura kolektiboz aritu behar dugu, eta arreta ez dugu soilik instituzioetan jarri behar. Gizarte osoaren ardura da, eta uste dugu posible dela salbuespenarekin amaitzea eta euskal presoei espetxe politika arrunta aplikatzea.
Sarek mobilizazio moldeak aldatzeko asmoa du?
Iraunkorki mobilizatu gara orain arte; urtero-urtero, hitzordu berdinak errepikatu izan ditugu. Preso kopurua gero eta txikiagoa izango den neurrian, lanketa pertsonalizatuagoa egiteko aukera izango dugu Saretik. Eta mobilizazioei begira, momentuaren arabera erabakiko dugu zein aldarrikapen aktibatu, dinamikak maila lokalekoa edo nazionalekoa behar duen. Modu horretara, are eraginkorragoak izateko aukera izango dugula uste dugu.
Nola irudikatzen duzu fase berria?
Etxerako prozesu honetan erabakigarriak izango dira hilabete hauek. Badakigu, hala ere, ez dugula biurteko honetan gatazkaren ondorioen konponbidea integrala lortuko. Epe motzean ez dugu ezagutu, euskal preso, iheslari eta deportatu gabeko Euskal Herria. Beraz, ez ditugu helburuak betetzat ematen, baina, prozesu hau espero dugun bezala garatzen bada, fase baten amaieran kokatu beharko dugu geure burua. Historikoki fase askori eman izan diogu amaiera, eta espero dugu hurrengo hilabeteetan beste bati bide ematea. Fase bat itxi, beste bat irekitzeko. Lan esparruak birmoldatzea ekarriko du horrek.
Itxaropentsu zaudete?
Uste dugu herri gisa aurrera egin nahi badugu, elkarbizitza agertokira salto egin nahi badugu, ezinbestekoa da gatazkak utzitako ondorio guztien konponbidea. Zentzu horretan aitortza eta errekonozimendua jasotzeko daukate oraindik biktima askok. Nahiz eta instituzionala ez izan, herritarrok aitortza egin nahi diegu sakabanaketa politikak eragindako biktimei –motxiladun umeei, istripuak izan zituztenei, edo errepidean hil ziren 16 pertsonei–, edo espetxe barruan bizia galdu zuten 30 presoei ere. Naturalizatu behar da errelato hori ere, gainerako guztienarekin batera.
Zein dei zabalduko zenuke eskualdeko herritarren artean?
Geratzen den kapitulua lehenbailehen ixtea gustatuko litzaiguke. Azkeneko urteetan eboluzio bat ikusi dugu, eta balorazioa ezin da negatiboa izan. Baina, hala ere, oraindik ere urrats asko daude emateko. Ardura kolektiboz jardun behar dugu. Azken hamarkadetan milaka eta milaka herritar izan dira sostengua eman eta presoen eskubide alde mobilizatu direnak. Hurrengo hilabeteetan, 2027ko urtarrilaren 9ra arte egingo ditugun ekimenek ere arrakasta izatea nahiko genuke. Horren bidez erakutsi nahi dugu badagoela borondatea eta premia gatazkaren ondorioak atzean utzi eta elkarbizitzako agertoki berrietara begiratzeko.