Amasa-Villabonako Udalak Loatzo musika eskolak erabiltzen duen kultur etxearen alboko horman mural berri bat margotzeko kontratazioa egin du. Lanak 1,8 metroko altuera eta 16 metroko zabalera ditu, eta euskal musika tradizionalarekin lotutako hainbat irudi ikus daitezke bertan, hala nola panderoa eta trikitia, alboka eta txalaparta, kolore biziz irudikatuta. Horma irudia Asier Aldama Cuadra artista sopelarrak sortu du, eta udalak 3.000 euroko inbertsioa egin du horretarako.
Murala margotzea azken urteetan udalak herriko txoko eta espazio publikoetara kolorea eta kale artea eramateko sustatu duen dinamikaren barruan kokatzen da. Izan ere, dagoeneko hainbat horma irudi egin dituzte 2021ean abiatutako ekimen horren baitan: Aljibean, Amasako pilotalekuan, Fleming herri eskolako hainbat eraikinetan eta Txermingo ikastolaren inguruan, besteak beste.
Udal gobernuak jakinarazi du urtero diru partida bat bideratzen jarraituko duela, datozen urteetan ere herrian zehar mural berriak egiteko helburuarekin.