Amasamendin eraiki nahi duten proiektu eolikoak hegazti espezie babestuengan izango lukeen eragina «oso nabarmena» dela ondorioztatu du Amasa-Villabonako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatutako lehen ingurumen txostena irakurri eta gero. Hil honetan jaso duten dokumentu teknikoak hasierako egoera aldatu du, eta, horrenbestez, udalak behin-behinean eten ditu Premier Group enpresarekin dituen harremanak, gutxienez proiektua ingurumen ikuspegitik egingarria dela frogatu arte.
«Udalak argi du natura ingurunea eta bertako ekosistema zaintzea lehentasunezkoa dela, eta, zentzu horretan, babestutako espezieei kalte nabarmena eragitea gainditu ezin den marra gorria da», adierazi du Xabat Laborde alkateordeak, Beatriz Unzue alkatearekin batera egindako agerraldian. Bertan, babestutako hainbat hegazti espezie aipatu dituzte, besteak beste, arrano beltza, sai zuria eta miru gorria.
Enpresak datozen hilabeteetan aurkeztu beharko du parke eolikoaren behin betiko proiektua Eusko Jaurlaritzan, ingurumen inpaktuaren azterketarekin batera. Udal ordezkarien arabera, uztailean aurkezteko asmoa du enpresak, eta Jaurlaritzak hilabeteko epea zabalduko du alegazioak aurkezteko. Data horiek opor garaiarekin bat egingo balute, epea luzatzeko eskaera egingo dutela azaldu dute Unzuek eta Labordek.
Eusko Jaurlaritzak izango du azken hitza, eta hark erabakiko du parke eolikoa egiteko baimena eman ala ez. «Gaur-gaurkoz, esku artean ditugun datuak eta aurrekariak kontuan hartuta, zalantzan jartzen dugu proiektu honek aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena lor dezakeenik», esan du Labordek.
Udal ordezkariek kontrako egoera ere aurreikusi dute, hau da, Eusko Jaurlaritzak ingurumen inpaktuaren adierazpen positiboa ematea. Halakorik gertatuko balitz, proiektua herri lurretan kokatzeak ematen dien indarra erabiliko dutela ohartarazi dute. «Herri galdeketa bat antolatuko dugu, herritarrek zuzenean erabaki dezaten lur horiek enpresaren esku utzi ala ez». Hasieratik adierazi du enpresak proiektua udalarekin adostuta egin nahi duela, eta horrek, udalaren esanetan, galdeketaren emaitza onartzea ekarriko luke. «Enpresak erabakia onartu beharko luke; kontrakoa egiteak esan nahiko luke alde bakarrez jokatzea, orain arte adostutakoaren kontra aritzea, eta lurrak espropiatzeko bidea hautatzea».
Negoziazioak eta lortutako baldintzak
Beatriz Unzue alkateak Hernani I eta II izeneko proiektu eolikoaren inguruan emandako pausoen berri eman du agerraldian. Udal gobernuak 2025eko otsailean jaso zuen lehen aldiz proiektuari buruzko informazioa, eta iazko maiatzean hasi zituen elkarrizketak Premier Group enpresarekin. «Baldintza zorrotzak ezarri ditugu herriaren interesak defendatzeko», esan du alkateak.
Horren adibidetzat jarri du aerosorgailuen kokapenaren inguruan lortutako adostasuna. Enpresaren hasierako proposamenean, haize errotak herriko baserrietatik 300 metrora kokatzen ziren; udalaren presioaren ondorioz, ordea, kokapena aldatu eta proiektua Amasamendiko herri lurretara eramatea lortu zuten, inguruko baserrietatik gutxienez 500 metrora.
Alkateak negoziazioetan lortutako beste hiru baldintza ere nabarmendu ditu: herritarrentzat, herriko merkataritza eta ostalaritzarentzat nahiz tokiko industria enpresentzat energia hornidura merkeagoa lortzea; parke eolikoaren jabetzaren % 20 publikoa izatea, hau da, udalaren esku geratzea; eta udal jabetzako lur publikoen lagapena onartzeko, Amasa-Villabonako herritarren gehiengoaren babesa izatea.
«Udalaren konpromisoa argia da: herriaren borondatea eta ingurumenaren babesa lehentasunezkoak dira, nahiz eta jakin energia iturri berriztagarrien hedapena beharrezkoa izango dela gaur egungo energia kontsumo handiak asetzeko eta erregai fosilekiko mendekotasuna murrizteko», adierazi du Unzuek.
Udal ordezkarien esanetan, Amasa-Villabonak urrats sendoak egin behar ditu energia trantsizioaren bidean, eta, horretarako, erregai eta energia iturri fosilekiko mendekotasuna gutxitu ez ezik, sektorearen kontrol demokratikoa ere indartu behar da.
Energia burujabetza lortzeko bidean, alkateak ez du zalantzarik energia berriztagarriak funtsezkoak direla. «Hala ere, trantsizio hori ezin da edozein preziotan egin, eta ingurumenaren zein ekosistemen babesa ezinbesteko baldintza da», gaineratu du.
Oraingoz, udalak eten egin ditu Premier Group enpresarekin dituen harremanak, behin betiko proiektua Eusko Jaurlaritzan aurkezten duten arte behintzat. Dokumentu hori eta ingurumen inpaktuarena sakon aztertuko ditu udalak, eta hala badagokio, ingurumen eta hirigintza arloko alegazioak aurkeztuko ditu.
Azkenik, Unzuek berriro gogorarazi du proiektuaren tramitazioa ez dagokiola udalari, Eusko Jaurlaritzari baizik. Era berean, azpimarratu du esku artean duten informazio guztia eta haren inguruko interpretazioak gardentasunez partekatuko dituztela herritarrekin. Norabide horretan, udal gobernuak azken asteetako urratsen berri eman die Amasamendi Bizirik plataformako kideei, eta datorren astean etxe guztietara banatuko duten Amavi aldizkarian gaiari buruzko informazio xehatua argitaratuko dute.