Amasako udal pilotalekuak hartuko du larunbat goizean euskal pilota egokituko Gipuzkoako XVI. Txapelketaren binakako finalak. Hiru partida jokatuko dira 10:30ean hasita. Lehenengoan adimen urritasuna duten pilotarien artekoa izango da, liga gorrikoak, eta Eskisabel-Esnal eta Valor-Asteasu bikoek jokatuko dute elkarren aurka. Bigarren partidan gurpildun aulkian jokatuko dute, eta Aingeru Senperena goiaztarrak eta Lekunberrin bizi den Edorta De Anta tolosarrak elkarren aurka jokatuko dute Quesada eta Elkoro bikoaren aurka. Hirugarren partidan, adimen urritasuneko multzo urdinean, Askasibar-Sagarmendi eta Vega-Gaton bikoak ariko dira nor baino nor gehiago.
Mikel Merino Gipuzkoako Pilota Egokituko Federazioko teknikariak azaldu duenez, 33 pilotarik parte hartu dute txapelketan. «erakutsi duten maila oso altua izan da. Finala estu eta gogorrak aurreikusten dugu». Bestalde, nabarmendu du parte hartzaile berriak izan direla, eta horietako bat izango dela finalean. «Zoriontzekoa da elkarteei egiten duten lana pilotari berriak ateratzeko, eta bide horretatik jarraitzen saiatuko gara».
Juan Carlos Etxeberria Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko zuzendari teknikoak, bere aldetik, esan du «oso pozgarria» dela finalen aurkezpenean egotea. «Txapelketaren 16. urtea da, eta horrek asko pozten gaitu. Hasieratik garbi genuen espezialitate hauek pilotan kokatu behar genituela eta ibilbide honek arrazoia ematen digu». Bide batez eskerrak eman dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari hamasei urte horietan pilota egokitua sustatzeko emandako laguntzagatik, eta udal guztiei ere, «gaur bereziki Amasa-Villabonako Udalari, esku zabalik hartzen gaituztelako». Era berean, kluben, ordezkarien eta entrenatzaileen lana «ezinbestekoa» dela nabarmendu du. Eskerrak eman dizkio Gipuzkoako Pilota Egokituko Federazioari, «bere lanari gabe ezin delako hau aurrera atera», eta pilotariei ere, «beti erakusten duten bizi-pozarengatik». Finalak Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren Youtubeko kanaletik zuzenean emango dira.
Beatriz Unzue alkateak, bere aldetik, azaldu du Amasa-Villabona beti izan dela herri kirolaria: «Kirola eta kultura bultzatzen ditugu, eta aurten final hauek Amasako udal pilotalekuan jokatzea ohore bat da». Pilotariei zorterik onena opa die finalerako.
Aingeru Senperenaren bikotekidea txapelketan Beñat Lizaso izan da, eta ez ziren sailkatu finalerako. Edorta De Antaren bikotekidea, Joseba Lasa, lesionatuta dagoenez, bere lekua hartu du Senperenak. Denbora bat jokatu gabe eman ondoren, berriz hasi da lehian De Anta: «Espero dugu martxa honetan jarraitzea, eta ea txapelketak modu honetara joaten diren, gure kirola ikustarazteko. Finala oso borrokatua izango da, eta espero dugu partida polita ateratzea». Bere aldetik, Senperenak azaldu du aukera izango duela txapela borrokatzeko: «Ikusita zer jokalari den Edorta, niretzako sekulako aukera da. Badakigu zer aurkari ditugun, eta ea partida polita ateratzen den eta txapela lortu dezakegun».