Iratzar elkartearen 35. urteurreneko ekitaldien testuinguruan, eta Arteaz Goza lelopean, Estanis Iriarte Iturriotzen (Amasa–Villabona, 1962) artelanen erakusketa zabalik egongo da gaur eta bihar herriko tabernan, 17:30etik 21:00etara. Hiru egunotan erakusketa ikusteko aukerarik ez duenak azken okasioa izango du Onddo Gazte Asanbladaren urtemuga ekitaldien barruan iganderako antolatu duten azokan.
Lan gehienak azken hilabeteetan sortu ditu Iriartek. Gaixoaldia izan du, eta tratamenduan izan den bitartean, burua arintzeko lagungarri izan zaio eskulana. «Ahul egon naiz, eta neguan ez du kalean ibiltzeko girorik egin. Etxean pasatutako orduak entretenituta egoteko baliatu ditut. Eskulanek on egin didate». Hain zuzen, izenburu hori jarri dio erakusketari: Burua arindu, eskuak mugituz.
Era askotako lanak jarri ditu Iratzar tabernan. Egur gaineko pirografiak dira deigarrienak, eta baita denbora gehien eskatu diotenak ere. Punta ezberdineko orratzak erabiltzen ditut horretarako, eta itxuroso geratzen da emaitza», azaldu du billabonatarrak.
Duela bizpahiru urte hasi zen gisa halako lanak egiten, neurri batean ingurukoek eskatuta. Enkarguzko lanak egin izan ditu, baina baita gustuko dituen irudietan oinarritutakoak ere. «Gehienbat animalien irudiak erabiltzen ditut, eta oso gutxitan egin ditut pertsonen erretratuak. Oso zaila iruditzen zait pertsonaren begirada egoki islatzea. Konpromiso handia da».
Egur eta harri gainekoak
Autodidakta da Iriarte; ez du tailer edo ikastarorik egin, baina, hala ere, badu eskulanetarako trebetasuna. Gaztetan, Lemoizko zentral nuklearraren eta Leitzarango autobidearen aurkako horma-irudiak diseinatu izan zituen. Gero, urte luzez zaletasuna albo batera utzita izan ondoren, pixkana berreskuratu du.
«Batekin aspertzen naizenean besteari heltzen diot, eta horrela saltoka noa lan batetik bestera», dio Iriartek. Egur gaineko pirografiez gain, egur eta harri gainean margotutako irudiak ere eraman ditu erakusketara, baita mamiarentzako potoak eta giltzatakoak ere. Horietarako irudi geometrikoak eta koloretsuak erabili izan ditu, eta paisaiak eta eguzki-lorea bezalako motiboak, besteak beste.
Lanak ikusgai dira egunotan Iratzarren eta nahi duenak erosi ahal izango ditu. Artelanetako batzuk dagoeneko salduta daude. «Prezio sinbolikoa jartzen diet, erabilitako materiala ordaintzeko justuko prezioa», aipatu du Iriartek.
Berarentzat denbora-pasa baino ez dela dio; horregatik, ez du behin ere pausorik eman bere lanak azoka eta bestelakoetan erakusteko. «Badira artisauak, horretan aritzen diren profesionalak; niretzako hau afizio hutsa da».
Aurrerantzean lanean jarraitzeko asmoa du, nahiz eta, aitortu duenez, «modu lasaiagoan». Tratamendua bukatuta, hurrengo hilabeteak indarrak berreskuratzeko baliatu nahi ditu: «Eguraldi onarekin kalean ibili nahi dut, mendi bueltaren bat eman. Baratze koskor bat ere badut, eta azkenaldian deskuidatuta eduki dudanez, han eman nahi nituzke ordu gehiago».