Loatzo igo eta jaisteko lasterketa, beste urtebetez

Ataria 2026ko apirilaren 23a

Amasako mendi lasterketak 32. aldia beteko du aurtengoan. Igandean egingo da proba eta egunean bertan eman behar da izena Uxo-Toki elkartean.

Igandean Loatzoko XXXII. Igoera-Jaitsiera mendi lasterketa izango da, Uxo-Toki elkarteak eta Amasako Martina Kultur Elkarteak antolatuta. Inguruko mendi lasterkarientzako xarma handia duen proba da Amasan hasi eta bukatzen den proba. Parte hartzaileak 10:30ean hasiko dira, eta aurretik 9,73 kilometroko ibilbidea izango dute. Lasterketaren izenak dioen moduan, Loatzo mendiraino igoko dira, 2,5 kilometroko aldapa pikoa igoz, eta ondoren Amasara jaitsiko dira ibilbide leunago bat erabiliz. Guztira 583 metroko desnibel positiboa gaindituko dute mendi lasterkariek.

Izena egunean bertan eman behar da, 09:00etatik aurrera Uxo-Toki elkartean bertan, eta doan da. Lehen hiru gizonezko eta emakumezkoentzat sariak izango dira: lehenengoek txapela eta 120 euro, bigarrenek 80 euro eta hirugarrenek 50 euro. Horrez gain, babesleek eskainitako hainbat produkturekin zozketa egingo da proba amaitzean. Ohiturari jarraiki, Loatzoko gurutzearen inguruan hamaiketakoa izango da nahi duten guztientzat. Mendi lasterketako parte hartzaileek hamaiketako oparoa izango dute Amasan, proba amaitu eta gero.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!