Villabonako bi bertsolari, eskolarteko txapelketako finalean

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko apirilaren 22a

Ekhi Alvarez, Eñaut Otaño eta Nora Larrazabal bertsolari gazteak, joan den ostegunean, Villabonan. J. A.

Ekhi Alvarez eta Eñaut Otaño herrikide eta adinkideak Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako azken saioan ariko dira; larunbatean izango da, Azpeitian.

Ostegun arratsaldea da. Xabat Illarregi bertsolari leitzarra Villabonako musika eskolan dago, hiru gazteren zain, bertan baitute asteroko hitzordua. Bertso eskolako irakaslea ikasgelan dago, eta banan-banan heldu dira bertara Nora Larrañaga asteasuarra eta Ekhi Alvarez eta Eñaut Otaño billabonatarrak. Herrikideak izateaz gain, adinkideak dira Alvarez eta Otaño, 2011n jaioak, eta, larunbat honetan, Azpeitian egingo den Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean ariko dira kantuan. 

Afalostean izango da Azpeitiko saioa, Plaza Nagusian dagoen Elikagunean, eta afarirako sarrerak Bertsosarrerak.eus webgunean erosi daitezke, 16 euroan bazkideentzat eta 18 urtez azpikoentzat, eta 20 euroan gainerako guztientzat. Zortzi gazte ariko dira bertsotan; billabonatarrekin batera, ondorengo hauek: Kattalin Arabaolaza, Inge Mitxelena, Duna Urteaga, Haritz Alkorta, Urko Arakistain eta Adei Urbitarte.

Martxoan kanporaketa bana jokatu zen lau herritan: Altzon, Oñatin, Legazpin eta Usurbilen. Arabaolazak, Mitxelenak, Urteagak eta Alkortak euren saioa irabazita lortu zuten finalerako txartela; gainerako laurak, berriz, puntuazioz sailkatu dira. Alvarezen kasuan, Altzoko kanporaketan kantatu zuen. «Hasieran urduri nengoen, baina saioak aurrera egin ahala lasaiago aritu nintzen kantuan, eta oso gustura amaitu nuen», esan du billabonatarrak. Otaño eta Larrañaga, berriz, Legazpin aritu ziren bertsotan. Haiek ere, bertsoaldiak igaro ahala lasaitzen joan ziren. «Gainera, zozketak hala erabakita, elkarren ondoan esertzea egokitu zitzaigun, eta hori lagungarri izan zen batak bestearekin hitz egin eta elkar babesteko», esan du asteasuarrak.

Kanporaketan baino lasaiago

Bihar berriro elkartuko dira Illarregi, Alvarez, Otaño eta Larrañaga. Larunbateko finalaren atarian, prestaketa-saio berezia egin behar duten galdetuta, honakoa erantzun du Alvarezek: «Saiorik ez daukazunean baino gehiago errepasatzen dugu etxean, norbere kabuz». Otañok esan du ikasturtean zehar ere «nahikoa» prestatzen dituztela ariketak bertso eskolan.

Bertsolari billabonatarrek ezin dute ezkutatu finalerako duten urduritasuna, baina kanporaketako saioan baino lasaiago daudela aitortu dute, hura «berriagoa» zelako. «Lehen saioan oraindik ez dakizu ia ezer, eta urduriago zaude, baina orain sentsazioak gutxi gorabehera nolakoak izango diren aurreikusi dezakegu», esan du Otañok. «Orain badaukat erreferentzia bat saio batena», gaineratu du Alvarezek.

Ariketaren batek besteek baino lan handiagoak ematen dien galdetuta, hirurek batera erantzun dute: «Bakarkakoa». Horri lotuta, Legazpiko saioan gertatu zitzaiona kontatu du Otañok: «Bakarkakorako doinu bat nuen aukeratuta. Aste osoan aritu nintzen behin eta berriz errepasatzen. Ederki ikasi nuelakoan nengoen. Bada, saioan bertan gaia azaldu eta gero, bertsoa pentsatzen hasi eta doinua ahaztu zitzaidan; gehiago pentsatu nuen doinuan gaian baino. Azkenean, burura etorri zitzaidan lehen doinuarekin bota nituen bertsoak».

Billabonatarrentzat «ikaragarria» izango litzateke txapela janztea. «Zaila izango da», aitortu dute. Illarregik argi dauka: «zortzietako edonork irabazi dezake». Hala ere, ez du uste Otaño eta Alvarez horrekin «itsutu» behar direnik, «batez ere, lehen urtea dutelako». Billabonatarrek, gainera, beste helburu bat dute: «Ahalik eta ondoen egitea eta gozatzea». Irakasleak eta ikaskideak ere hori egin dezaten aholkatu diete. «Finalera iristea lorpen handia da, ez delako urtero lortzen. Beraz, ondo pasatzen saiatu daitezela, eta gozatu dezatela».

Taldekakotik, bakarkakora

14 eta 18 urte bitarteko 23 bertsolarik eman zuten izena aurtengo edizioan, eta horietatik ia herena Tolosaldekoak dira. Eskualdeko zazpi bertsolari aritu dira kanporaketetan kantuan: lehen aipatutako Alvarez, Otaño eta Larrañagarekin batera, Lizartzako Jare Bengoetxea, Irurako Haritz Murua, Alegiako Amets Azpilikueta eta Orendaingo Xanet Ormaetxea. Bengoetxeak eta Muruak iaz ere parte hartu zuten, Danel Etxeberria tolosarrarekin batera. Gainerako bostentzat lehen aldia izan da.

Eskolartekoak Tolosaldeko bertsolarientzat duen garrantzia nabarmendu du Illarregik. «Gehiago edo gutxiago sufritu dezakezu, eta egun txarra ere egokitu diezazuke, baina proba edo esperimentu ona da». Zortzi finalistetatik bi eskualdekoak izatea «polita» dela aitortu du: «Beti izaten da bakarren bat. Tolosaldean bertsolari gazteak izatea pozgarria da, egiten den lanaren emaitzaren erakusgarri delako».

Nafarroako txapeldunak gogoratu du urtero taldekako Gelatik Plazara sariketan parte hartzen dutela eskualdeko zenbait gaztetxok, eta iaz parte hartu zuten zenbaitek bazekitela aurten eskolarteko txapelketan aritzeko aukera izango zutela. Ondorioz, eskolarteko txapelketan izena emateko prozesua «naturala» izan dela esan du Illarregik: «Ez nien bat-batean proposatu, eta ez zuten asko pentsatu». Otañok adierazi du hasieratik «argi» izan dutela parte hartu nahi zutela: «Bi aldiz parte hartu genuen Gelatik Plazara sariketan, talde berarekin. Bagenekien zer zen plaza batean kantatzea, eta ez da zuzenean emandako jauzi bat izan».

Illarregik eta Larrañagak nabarmendu dute taldekako txapelketa batean parte hartzetik bakarka parte hartzera igaro izana izan dela aldaketa handiena. «Ariketak ere bestelakoak dira, bakarka aritu behar dutelako bertsotan. Horretara prestatu behar izan ditugu bertsolariak, baina urratsa naturala izan da, eta kanporaketetan nabaritu nuen hori», adierazi du irakasleak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!