Heroinak eta hiesak utzitako hutsuneez ariko dira gaur

Jon Miranda Labaien 2026ko apirilaren 21a

Zumarragan eta Urretxun 115 gazteren heriotza eragin zuen fenomenoa jaso du ‘Hutsune handi bat’ dokumentalak; gaur emango dute Villabonako Gurea aretoan.

Zumarragan eta Urretxun heroinak eta hiesak sortu zuten minaren memoria kolektiboa jasotzen du Hutsune handi bat dokumentalak. Gaur emango dute Villabonako Gurea aretoan 19:30ean, eta han izango da Alex Areizaga, dokumentalaren zuzendaria, pelikula aurkezten eta ondorengo solasaldia gidatzen.

115 gazte hil ziren 1980ko eta 1990eko hamarkadetan bi herrietan heroinak eta hiesak eraginda. Izenburuak horri egiten dio erreferentzia. «Hasieran ez genekien zenbatekoa zen hutsunea. Ikerketa bat hasi genuen galera hori kuantifikatu nahian, eta momentu batean beldurtu egin ginen; ez genekien hainbeste heriotza izan zirenik», esan du Areizagak.

Dokumentalaren egileek ez dakite esaten beste herrietan baina intzidentzia handiagoa izan ote zen Zumarragan eta Urretxun, zaila baita problematika honek sortutako heriotza kopurua zenbatzea. Esan izan da kostaldean, edo industria askoko tokietan, edo trenak bidegurutzeak sortzen zituen lekuetan droga gehiago mugitzen zela. «Ez dakigu gurean heriotza tasa beste herrietakoa baino altuagoa izan ote zen, baietz pentsatu nahi dugu, kontrakoak esan nahi bailuke, Zumarraga-Urretxun bezainbesteko hutsunea dagoela beste herrietan, eta orain arte ez dela horri buruz hitz egin».

Hainbat pertsonari egindako elkarrizketak dira dokumentalaren bizkarrezurra. Hamalau dira guztira, eta tartean kontsumitzaile ohiak, senideak, gaztetxean zerbitzari aritu zirenak, infekzio gaitzen unitatea sortu zuten medikuak eta gizarte langileak daude. Gertatu zenaren lekukotza jasotzen saiatu dira haiekin guztiekin. «Zailtasun handiak izan ditugu, jendeak ez baitzuen gai honi buruz hitz egin nahi. Badaude hutsune nabarmenak, eta, esate baterako, filmean ez dira emakume asko agertzen, edo amaren figura ere ez dago jasota».

Hutsune handi bat dokumentala egin dutenek ikusi dute lotuta daudela errealitate honek utzitako mina eta estigma. «Heroinazalea beti jo izan da bere patua bilatu izan duen galtzaile bezala. Haien ingurukoek ez dituzte euren hildakoak aldarrikatu, eta lotsa sentitu izan dute. Familietan ez da gaiaz hitz egin. Ez dakigu zergatik den: hainbestekoa da galera horrek eragindako mina jendeak ez duela horri buruz hitz egin nahi? Erruduntasuna sentitzen dute? Inpotentzia al da?», galdetu du Areizagak.

Martxoaren 12an aurkeztu zuten dokumentala Zumarragan. Beldur ziren egileak ez baitzekiten zein erantzun izango zuen estreinaldiak. Zumarragako Udalak zilegitasuna eman zion ekimenari eta deia luzatu zuen bertara joateko. Bi emanaldi egin zituzten egun horretan, ordubete inguruan agortu ziren sarrera guztiak, eta ordutik beste sei emanaldi gehiago egin dituzte: 2.600 ikusle inguru izan ditu dagoeneko herrian. Horrekin batera, Azkoitian eta Lazkaon ere eman zuten joan den astean, eta Villabonan izango dira gaur.

«Momentu batean beldurtu egin ginen; ez genekien hainbeste heriotza izan zirenik»

«Zailtasun handiak izan ditugu, jendeak ez baitzuen gai honi buruz hitz egin nahi»

«Lana min hori erreparatzeko ariketa kolektibo bat bihurtu da. Elkarrizketaturen batek esan izan digu dokumentalari esker sanaziorako bidea hasi duela»

Zumarragan eta Urretxun film honen harira urtetan egon den korapiloa askatzen hasi dela uste du Areizagak. «Gaia bolo-bolo ibili da gure herriko kaleetan eta zerbait mugitu da. Elkarrizketatu askori gerturatu zaio jendea galdezka. Diskurtso hau plazaratu eta ausardia hori erakusteagatik ingurukoen estimua jaso dute».

Gertatutakoaren zati bat erakusteko balio izan du dokumentalak. Zuzendariaren esanetan, memoria historikoaren beste hainbat atal landu izan diren bezala, gai hau orain arte tabua izan da: «Lana min hori erreparatzeko ariketa kolektibo bat bihurtu da. Elkarrizketaturen batek esan izan digu dokumentalari esker sanaziorako bidea hasi duela. Karga arintzen lagundu badugu, gu pozik. Hori da guk dokumental honi aitortzen diogun balio handiena».

Ibilbide luzea

Heroinaren kontsumoak eta hiesak utzitako arrastoa ikertzeko hasierako ideia Anne Zufiaurrena izan zen. Unibertsitateko gradu amaierako lana egin zuen gai honen inguruan, familian bertan hutsune hau bizi izan duelako. Hutsune horren zergatian arakatu asmoz dokumental txiki bat egin zuen eta Youtuben ikustaldi asko izan zituen. Orduan konturatu zen gaiak bazuela indarra. Gattiken komunikazio enpresarekin harremanetan jarri eta orduan abiatu zuten proiektua. 

Zortzi urte behar izan dituzte dokumentalak argia ikusi dezan. Ez zaie finantziazioa lortzea erraza egin: Gipuzkoako Foru Aldundiak ekimena hasieratik babestu badu ere, bestelako ateak jo eta zorterik ez dutela izan aipatu du Areizagak. Ikasketa prozesu bat izan dela aitortu du: «Oso lan berezia izan da. Jendearekin konpromiso bat hartu genuen, jendearen bihotzetara sartu ginen, beraien minetan arakatu genuen. Pertsona horiekiko zorra ere sentitzen genuen».

Dokumentala ikusi ostean solasalditxo bat egingo dute gaur Villabonako Gurea aretoan. «Aurre lanketarik egin gabe, ulertzen dugu ez dela erraza mikrofonoa hartu eta gai honi buruz hitz egitea. Orain arteko saioetan, hala ere, animatu izan da jendea, eta polita da. Hori da helburua, pelikulak balio diezaiola bertako jendeari Zumarragan egin dugun ariketa horren antzeko zerbait egiteko, barne zama hori partekatu eta askatzen hasteko». Herrietan ez ezik, elkarteetan edo ikastetxeetan ere zabaldu nahi dute lana.

Argazkiak: Aritz Ormazabal

Erlazionatuak

03 13 Su txikiak

Jon Miranda Labaien api 20, 19:00 Amasa-Villabona

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!