'Xerka' proiektuak geldialdia egingo du Amasa-Villabonan

Ataria 2026ko apirilaren 15a

LGTBIQ+ komunitateak bizi duen erbesteratze prozesuaz hitz egingo dute Martxel Larraza eta Joseba Olagarai kazetariek eta Hodei Arrastoa sortzaile zizurkildarrak.

Euskal Herriko landa eremuko bost pertsona queerren bizipenak, hausnarketak eta sentsazioak biltzen ditu Xerka fotokazetaritza proiektuak, eta LGTBIQ+ komunitateak herrietan bizi duen erbesteratze prozesu isila lantzen du.

Proiektua Amasa-Villabonara iritsiko da bihar, eta sexilioari buruzko bi hitzaldi eta argazki erakusketa barnebilduko ditu. Goizean, 10:45ean Martxel Larraza eta Joseba Olagarai kazetariak Gurea zinema aretoan izango dira Amaia Agirrek lagunduta, eta hitzaldia emango dute DBHko hirugarren mailako 120 ikasleren aurrean. Arratsaldean, berriz, 18:30ean Gurea zine aretoko erakusketa areto berrituan bi kazetariak izango dira Hodei Arrastoarekin batera. Aktore zizurkildarrak bere lekukotza emango du hitzaldian.

Hitzaldietan, hainbat lurralde, jatorri eta adinetako bost pertsona disidenteren nortasunak eta bizi esperientziak ezagutaraziko dituzte. Ekimenak helburu du mezu positibo bat transmititzea: euskal landa eremuan posible dela queer izatea, eta herrian bizitzea, euskaraz. Izan ere, sexilioa deitzen zaio LGTBIQ+ pertsonen migrazio behartuari, sexu orientazioagatik edo genero identitateagatik zapalketa jaso eta euren familia eta gizarte ingurunetik hiriguneetara ihes egin beharrari, alegia.

Larrazak 2023an ondutako fotokazetaritza proiektua da Xerka, GRALen III. Berria sariketan saritu zutena. Paisaiaren eta erretratuaren genero klasikoak uztartuz eta hainbat teknika eta estilo fotografiko baliatuz, subjektuaren eta haien ingurunearen arteko dialektika poetikoa proposatzen dute argazkiek, gatazkatsua bezain harmoniatsua izan daitekeen harremanaren inguruan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!