Igandean izango da Villabonako Aizkardi Mendizale Elkarteak antolatutako Aizkardi Mendi Martxaren 57. edizioa. Bi ibilbide izango dira aukeran: iraupen luzekoa, 46 kilometrokoa, eta luzera erdikoa, 24 kilometrokoa. Lehena, 25. Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuiturako baliagarria izango da, eta parte hartzeko derrigorrezkoa izango da 14 urtetik gora izatea.
Bi ibilbideen irteera eta helmuga Ama Lurra plazan egongo da, elizaren ondoan. Ibilbide luzeko parte hartzaileak 06:30ean aterako dira; luzera erdiko ibilaldian parte hartuko dutenak, berriz, 08:00etan. Antolatzaileek ohartarazi dute igande goizaldean ordua aldatuko dela. Irteeran txartel pertsonalizatua emango diote parte-hartzaile bakoitzari, izen-ematearen hurrenkeraren araberako zenbakiarekin eta kontrol-guneen denbora-tarteekin. Era mailakatuan emango da irteera, gutxi gorabehera 50 parte hartzaile minutuko.
46 kilometroko luzera eta 2.700 metroko desnibel positibo metatua du iraupen luzeko ibilbideak; besteak beste, Onddo, Abadekurutz, Mandoegi, Urepel, Altzegi, Ipuliño eta Urdelar gainetara igoko dira mendizaleak, Villabonara itzuli aurretik. Gipuzkoako Foru Aldundiak ibilbideko zati bat aldatzea eskatu zion antolakuntzari, Leitzaran inguruan babestutako hegazti bat dagoelako. Hori dela eta, ohi baino hiru kilometro luzeagoa izango da aurten, eta desnibel metatua ere 300 metro handiagoa. Antolatzaileen arabera, hamar ordu eta erdian egin daiteke.
Bestalde, luzera erdiko ibilbideak 24 kilometroko luzera eta 1.200 metroko desnibel positibo metatua du. Lehen hamar kilometroetan iraupen luzeko ibilbideko mendizaleen bide bera egingo dute parte hartzaileek. Ondoren, Leitzaran ingurura joango dira, Villabonara itzuli aurretik. Gutxi gorabehera, sei orduan egin daiteke.
Izen-ematea doakoa da, eta bihar amaituko da epea; egunean bertan ez da izen-ematerik onartuko. Zirkuitua.com webgunean eman daiteke izena, eta gaur, Aizkardi Mendi Elkartearen lokalean (Larrea Auzoa, 18 B) ere aukera izango da, 20:00etatik 21:30era. Oraingoz, ia 900 mendizalek eman dute izena; 270 iraupen luzekoan, eta 660 luzera erdikoan. Beste urteetan ez bezala, alde handia dago kopuru batetik bestera. Antolatzaileek esan dute urtero geroz eta mendizale gehiago direla luzera erdiko zeharkaldia egiten dutenak.
Askotariko zerbitzuak
Antolakuntzak ura eta gutxieneko hornidura jarriko du Lapurtxulo, Etzela, Leitzaran eta Mugagako kontrol-guneetan. Mendizaleek, gainera, iturri naturalak topatuko dituzte ibilbideko zenbait puntutan. Hala ere, bi ibilbideetako parte-hartzaileei beharrezko elikagai eta edariak eramatea gomendatu diete.
Hornidurarena ez da antolakuntzak emango duen zerbitzu bakarra izango. Izan ere, Aizkardik lokal bat prestatuko du koltxonetekin, bezperan lo egin nahi dutenentzat. Zerbitzu hori erabili nahi dutenek antolakuntzari jakinarazi beharko diote, denborarekin prestatzeko. Horretarako, 649 717 782 telefonora deitu edo ibilaldia@aizkardi.com helbidera idatzi behar dute. Gainera, kontsigna zerbitzua egongo da irteeran, aldatzeko arropa bertan utzi nahi duenarentzat, eta zeharkaldia amaitutakoan, mendizaleek Olaederra kiroldegian dutxatzeko aukera izango dute.
Mendizaleek iraupen luzeko ibilaldia hamaika orduren buruan eta luzera erdikoa zazpi ordutan egiten dutela ziurtatzen duen mendi-txartela erakutsiz gero, diploma bana jasoko dute. 17:30ean, mendiko materiala eta laguntzaileek emandako opariak zozkatuko dituzte proba amaitu eta helmuga-puntuan dauden parte hartzaileen artean.