Pilotalekuan ospatu dute Dantzari Eguna

Ataria 2026ko martxoaren 14a

Villabonako Oinkari dantza taldeak ezin izan du aurreikusitako plana aurrera eraman, eta eguraldiagatik, Behar Zana pilotalekuan ospatu dute aurtengo Dantzari Eguna. 250 haur eta gaztetxok parte hartu dute.

Villabonako Oinkari dantza taldeak antolatuta, Dantzari Eguna ospatu dute eguerdian Behar Zana pilotalekuan. Emanaldi ederra egin dute bertako nahiz eskualdeko beste herri batzuetatik joandako 250 haur eta gaztetxok. Askotariko dantzak egin dituzte, Euskal Herriko zenbait txokotan jatorria dutenak. Berez, kalejira bat egiteko asmoa zuten emanaldiaren aurretik, baina bertan behera utzi dute eguraldiagatik.

Oinkari dantza taldeak Villabonan duen dantza eskolako haur eta gaztetxoak ez ezik, Asteasuko eta Adunako dantza eskoletakoak ere aritu dira. Gainera, billabonatarrek eskualdeko beste hiru dantza taldetako haur eta gaztetxoak gonbidatu dituzte: Lizartzako Otsolar, Alegiako Sutarri eta Zizurkilgo Bukalai dantza taldeetakoak. Guztira, 250 dantzari inguruk parte hartu dute aurtengo ekitaldian; musikariak, irakasleak eta dantza taldeetako gainerako ordezkariak batuta, 280 lagun elkartu dira frontoian.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!