Martxoaren 29an egingo du Aizkardi mendi elkarteak 57. Mendi Martxa. Martxoaren 27ra arte eman daiteke izena Zirkuitua.com helbidean eta ez da inskripziorik onartuko martxaren egunean bertan.
Aurreko urteetan bezala, aurtengoan ere bi ibilbide prestatuko dituzte. Ibilbide motza 08:00etan aterako da Malkar plazatik eta Otieta, Lapurtxulo, Astabizkar, Amasola, Praxku, Kanal Handia, Oinddolar eta Lastur pasa eta gero, Villabonan amaituko da. 1.200 metroko desnibela duen 24 kilometroko ibilbidea da, eta gutxi gora behera, sei orduan egin daiteke.
Ibilbide luzeak, berriz, 46 kilometro ditu eta 2.700 metroko desnibela. 06:30ean aterako dira Villabonatik eta honako lekuetatik pasako da: Otieta, Lapurtxulo, Onddo, Azketa, Leuneta, Abadekurutz, Mandoegi, Kondizatzeko lepoa, Leitzaran, Gorosmendi, Mugaga, Urdelar, Belabieta eta Komizarretik. Hamar ordu eta erdiko iraupeneko zirkuitua izango da eta 14 urtetik gorakoek har dezakete parte. Gainera, ibilbide luzea 25. Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuiturako baliagarria izango da.
Antolatzaileek ohartarazi dute, egun horretan bertan, martxoaren 29an goizaldean ordua aldatuko dela, beraz, kontuan hartzeko eskatu diete parte hartzaileei. Bezperan bertan lo egin nahi dutenentzat Aizkardik gela bat prestatuko du koltxonetekin. Zerbitzu hau erabili nahi dutenek aurrez jakinarazi beharko diote antolakuntzari telefonoz 649 71 71 82 zenbakian edo e-postaz, ibilaldia@aizkardi.com helbidean.
Villabonako mendi elkartekoek kontsigna zerbitzua emango dute arropak uzteko eta bukaeran dutxatzeko aukera ere emango diete parte hartzaileei. Jan edanak norberaren kontura izango dira. Ibilaldia bukatu eta bertan dauden partaideen artean zozketak egingo dituzte 17:30 inguruan, mendiko materiala eta laguntzaileek emandako opariak banatzeko.