Produktu merkeagoak eta sari bereziak izango dira Stock Azokan

Ataria 2026ko martxoaren 4a

Ostiralean eta larunbatean egingo den azokan erosketak egiten dituztenek hainbat zozketatan parte hartzeko aukera izango dute: erosketa txekeak, gosariak, sagardotegietan bazkariak eta landetxeetan bi gaueko egonaldiak.

Ostiralean egun osoan eta larunbat goizean, Villabonako eta Zizurkilgo merkatariek Stock Azoka egingo dute. Aurten, lehen aldiz, erosketak egitearekin batera hainbat zozketatan parte hartzeko aukera izango dute bezeroek.  

Asteburu honetan erosketak egiten dituztenek honako zozketa hauetan parte hartzeko aukera izango dute: lau erosketa txeke; bost gosari bikoitz Amasa kafetegian; bi pertsonarentzat bazkaria Aburuza sagardotegian; beste bi pertsonarentzat bazkari bana Zabala sagardotegian; eta, azkenik, bi gaueko egonaldia bi pertsonarentzat Nekaturreko landetxe batean. 

Aukera zabala

Hamasei establezimenduk parte hartuko dute asteburuko azokan: Boutique MP, Eizmendi kirolak, Villabona Optika-Audiologia, Galerias MJ, Zubimusu, Bronte optika, Garazi loradenda, Garintza mertzeria, Lider, Ugalde oinetakoak, Kaori&Amlu, Minimarket JC, Ane denda eta Gema loradenda. Saltokiek neguko merkealdiari amaiera emango diote ostiral eta larunbatean egingo duten ekimenarekin. 

Produktu ugari eskainiko dituzte eta prezioetan deskontu handiak egingo dituzte. Oria merkatari elkartetik azpimarratu dute bi herrietako merkatarien egutegian hitzordu garrantzitsua bihurtu dela stock azoka. «Aukera bikaina da herriko kaleei bizia emateko eta merkatarien eguneroko lanari balioa emateko», adierazi dute. 

Azokak tokiko merkataritza sustatzea du helburu eta horrekin batera herriko dendetan erostearen garrantzia azpimarratzea. Villabona eta Zizurkilgo merkatari elkarteak kalitatezko produktuak prezio berezietan eskuratzeko aukera eskaini nahi diete bezeroei, ostiralean egun osoan zehar eta larunbat goizean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!