Elkartasun azoka egingo dute larunbatean Berdura plazan

Ataria 2026ko otsailaren 25a

Villabonako Elkartasun Sareak eta Irrika aisialdi taldeak elkarrekin antolatu dute truke azoka, 10:00etatik 13:30era. 

Villabonako Elkartasun Sareak eta Irrika aisialdi taldeak Elkartasun azoka egingo dute datorren larunbatean Berdura plazan, 10:00etatik 13:30era. Galletak eta esnea jasoko dituzte eta trukean Elkartasun Sareak hilabeteotan jaso dituen jostailuak banatuko dituzte ekarpena egiten duten gaztetxoen artean. 

2023an egin zuten lehenengo aldiz gisa honetako ekimena Amasa-Villabonan eta arrakasta handia izan zuen. Antolatzaileek esan dutenez, beharra duten herritarren urtebeteko gosariak ziurtatzeko adina esne eta galleta biltzea zen helburua eta puskaz gainditu zuten hasierako asmoa. Aurten, duela hiru urteko ekarpena berdintzea jarri dute erronkatzat. 

Irrika aisialdi taldearen izenean hitz egin du Xuban Garmendiak, eta esan du «garrantzitsua» iruditzen zaiela haur eta gazteekin lanketa hau egitea: «Gure gaztetxoetako askok ez zekiten Elkartasun Sarea bazenik Amasa-Villabonan, eta beste asko ez zeuden konturatuta familia asko daudela egoera ekonomiko zailean edo oinarrizko elikagaien faltan». Joan den larunbatean egindako ekintza batean Elkartasun Sarekoen bisita jaso zuten Irrikakoek, eta haien ahotik jakin zuten gazteek zer nolako lana egiten duen sareak herrian. 

Oso harrera ona izan zuen duela hiru urtekoak eta aurtengoa ere martxa berean joatea espero du Garmendiak. Irrikako begiraleek DBHko nerabeek postuetan egotera animatu dituzte eta gainerako guztiei azokara joateko deia luzatu diete. 

Ekimen solidarioa

Amasa-Villabonan oraindik ere behar handiak dituen eta oinarrizko premiak ase ezinik dabilen jende asko dago. Horrela azpimarratu du Julen Zelarain Elkartasun Sareko kideak. 

Bizirauteko behar-beharrezkoak diren elikagaiez betetako loteak banatzen ditu aspaldion sareak. Iaz, 1.400 lote baino gehiago partitu zituen. «Horrek erakusten du  zenbatekoa den Amasa-Villabonako beharraren dimentsioa». 

Zelarainen esanetan, Elkartasun Sareak beharra dutenen artean loteak banatu baldin baditzake, elkartasuna erakutsi eta musu-truk ekarpena egiten duen jende asko dagoelako da. «Garrantzia handia du horrek guretzat, esan nahi baitu jende solidarioa badela gure herrian». 

Larunbateko galleta eta esne bilketarekin, urte osoan premia duen ume bati gosaritarako beharrezkoa bermatu nahi diote. Ekarpena egin eta truke azokan parte hartuko duten gaztetxoek jostailu, liburu edo materialen bat jasoko dute bueltan. 

Elkartasun Sareko kideek nabarmendu dute jostailu horiek Amasa-Villabonako bi sareetan dabiltzan ikasleek jasotakoak direla. «Janari bilketa edo jostailu bilketa egiteko deia egin dugunean, erantzun paregabea jaso izan dugu. Zoritxarrez etorkizunean egongo da oraindik premia izango duen jendea, baina herritarren jarrera honek ziurtatzen digu beti egongo direla egoera honi erantzungo dioten pertsonak». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!