Gipuzkoako Foru Aldundia hasi da Villabonatik Amasara bitarteko oinezkoentzako bidea prestatzen. Oinezkoen segurtasuna hobetzea da obra honen helburua, eta lehen fase honetako lanak lauzpabost hilabetetan amaitzea espero dute.
Proiektuaren arabera, bi metroko zabalera duen espaloia eraikiko dute GI-3751 eta N1-441 errepidearen elkargunetik hasita. Horri esker, segurtasunez lotuko dute Villabonako hirigunea Amasara doan errepide zatiarekin. Horretarako, lehendik dagoen bidegurutzea berrantolatu eta lekuz aldatuko dute. Era berean, segurtasun hesi bat jarriko dute oinezkoak babesteko.
Lehen fase honetan errepidearen bestaldeko bidea ere zabalduko dute. Zati hau, bigarren faseko proiektuarekin lotuko da, eta orduan, ia Amasako kaskoraino joango den espaloia eraikiko dute. Bigarren zatiko lan horiek elkarlanean gauzatuko dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Amasa-Villabonako Udalak.
Beharrari erantzun
Amasarako bidean oinez mugitzen direnek aspalditik eskatzen zuten gisa honetako azpiegitura. Udalak, bere aldetik, «poztasuna» adierazi du, urte luzez eskatzen aritu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak ekin dielako bidea egokitzeko lanei. Lehen faseko obrek 413.000 euro inguruko aurrekontua dute.