Txakur jabeak kontzientziatzeko kanpaina egingo dute

Jon Miranda Labaien 2026ko otsailaren 10a

Animaliei buruzko ordenantzan jasotako betebehar oinarrizkoenak gogoratzeko esku orria banatuko du udalak egunotan. Agaraitzen txakurrentzako parkea sortu dute.

Amasa-Villabonako sei herritarretatik batek txakurra du. Udaltzaingoak emandako datuen arabera 900 txakur daude udaleko erroldan izena emanda. «Asko dira». Txakur kopuruan ematen ari den hazkundeak bizikidetzarako konpromiso handiagoa eskatzen du udal ordezkarien ustetan. Horretarako kanpaina bat abiatu du udalak, herritarrak kontzientziatzeko, ezarrita dauden arauak errespetatzeko eta guztien arteko elkarbizitza hobetzeko.

Azken hilabeteetan, gutxi batzuen jokabide ezegokiak tarteko, bizilagunen arteko gatazkak sortu direla esan dute udaleko arduradunek; txakurren kakek eta pixek, zaunkek edo kaleetan aske ibiltzeak eragindako gertaera ezatseginak areagotu egin dira eta herritar askok jo dute udalera euren ondoeza azaltzera. Xabat Laborde alkateordeak esan du udalak ezin duela egoera honen aurrean beste aldera begiratu: «Arazo horiek funtsezko zerbaitekin saihets daitezke: erantzukizunarekin eta besteekiko errespetuarekin». 

Araudiko betebeharrak

Amasa-Villabonan animalien inguruko udal ordenantza bat dago indarrean eta eremu publikoaren erabilera arduratsua bermatzeko arauak biltzen dira bertan. Ivan Kortajarena Udaltzainburuak araudian jasotako ordenantzaren betebehar oinarrizkoenak gogoratu ditu: «Txakurrek txipaz identifikatuta egon behar dute; txakurren jabeak gorotzak jaso behar ditu; eta, une oro, lotuta eraman behar dira txakurrak».

Bestalde, Kortajarenak gogoratu du arriskutsutzat katalogatutako txakurrak udalean erroldatuta egon behar dutela eta beti eraman beharko dutela bozala jarrita. «Udaltzainak kalean egongo gara arauak betetzen direla ziurtatzeko, eta pedagogia egingo dugu zentzuzko denbora batean. Horrek eraginik ez badu neurri zorrotzagoak hartu beharko ditugu».

Agaratzen parkea

Udalaren helburua ez omen da isunak jartzea. Horrela azpimarratu du Beatriz Unzue alkateak eta herritarrei deia egin die arduraz jokatzeko eta bizikidetzan aktiboki laguntzeko. «Errespeta ditzagun gure bizilagunak eta espazio publikoak, bete ditzagun arauak eta eraiki dezagun guztion arteko begirunean oinarritutako bizikidetza sano bat».

Egunotan, txakur jabeen betebeharrak zeintzuk diren azalduz esku orria banatuko du udalak etxez etxe. Araudia gogoraraztearekin batera, ordea, txakurrei zuzendutako zerbitzu eta azpiegiturak sortu dituztela ere nabarmendu du alkateak. Agaraitz auzoan txakurrentzako parke berri bat sortu dute, «maskoten gozamenerako eta ongizaterako». Ia mila metro koadroko partzela hesitua da, iturria du eta txakur-gorotzak botatzeko zakarrontziak ditu aldamenean. Udalak 12.000 euro pasatxoko inbertsioa egin du txakurrentzako parkea sortzeko. 

Alkateak esan du herrian txakurrentzako bigarren parke berri bat sortzeko zonalde posibleak aztertzen ari dela udala, Villabonako herrigunean bertan edo herrigunetik ahalik eta gertuen. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!