Bizkorrak taldeak irabazi du Bota erantzuna! lehiaketa

Ataria 2026ko otsailaren 5a

Villabonako Gurea antzokian jokatu dituzte finalak. Zazpi taldek hartu dute parte.

Bizkorrak taldeak irabazi du Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak antolatutako Bota erantzuna! lehiaketa. Bigarrenez egin dute 13 eta 15 urte arteko gazteei zuzendutako ekimena, eta zazpi taldek hartu dute parte.

Finala joan den larunbatean, urtarrilaren 31n izan zen Villabonako Gurea antzokian. Aurretik, lau kanporaketa izan ziren, urtarrileko bi asteburutan, Zizurkilen, Anoetan, Ikaztegietan eta Alegian. Lehiakideek eskualdeaz, euskal kulturaz, Euskal Herriaz, eta beste hainbat arlori buruz duten jakintza erakutsi dute. Horrekin batera, bizkortasuna eta elkarrekin lan egiteko gaitasuna ere ezinbestekoa izan dute. Hori guztia telebista programetan ohikoak diren probekin egin dute.

Bada, Villabonan jokatu zen finalean Bizkorrak eta Zizurkildarrak taldeak izan ziren puntu gehien batu zituztenak, eta ondorioz, buruz burukora iritsi zirenak. Eta, azkenean, Bizkorrak taldea gailendu zen.

Bi talde horiek jaso dituzte sariak. Irabazleek Igantziko Irrisarriland abentura parkerako sarrerak lortu dituzte, eta bigarren sailkatuek Donostiako Mitologic Scape Room-a egiteko aukera izango dute.

Sailkapena

  1. Bizkorrak: 280 puntu.
  2. Zizurkildarrak: 260 puntu.
  3. Itxaropena betirako: 230 puntu.
  4. Eongo gatxin!: 170 puntu.
  5. Itxaroren arima: 140 puntu.
  6. Azkarrak: 140 puntu.
  7. Bai (H) orixe: 120 puntu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!