ELKARRIZKETA

«Benetakotasun batetik tratatu ditugu gaiak»

Aitor Arroyo Askarai 2026ko otsailaren 2a

'Promesarik txikiena' antzezlaneko zuzendari eta aktore Maite Aizpurua. MAITANE CAMPOS

Infinitudrama konpainiak Promesarik txikiena antzezlana otsailaren 6an interpretatuko du Villabonan; laguntasunari buruzko hausnarketa da antzerki obraren oinarria. Lanaren nondik norakoez hitz egin du Maite Aizpurua zuzendari eta aktoreak.

«Zein da lagun bati egin diezaiokegun promesik txikiena?», galdera hori eta laguntasunari buruzko hausnarketa abiapuntu ondu du Promesarik txikiena antzezlana Infinitudrama konpainiak. Maite Aizpurua (Zumaia, 1990) zuzendari eta aktoreak kontatu du kolektiboki sortu dutela, eta «trapu zikin guztiak» agertzen direla pixkanaka publikoaren aurrean. Otsailaren 6an interpretatuko dute Villabonan.

Zer topatuko du antzokira joaten denak?

Antzezlana laguntasunaren inguruko hausnarketa bat da. Eta zer topatuko duen ikusleak eszenan? Bada, lau aktoreko taldetxo bat elkarren lagun egiten saiatzen. Finean, lagun talde baten ibilbide osoa: ezagutzen direnetik, maitemintzen direnera; eta gero hasten dira galderak, zalantzak, gatazkak... Eta amaieran dator antzezlanak aurkezten duena: zein den elkarri egin diezaiokegun promesik txikiena.

Oholtza gainean ikus daiteke eszenaratze bat lagun talde honek dir-dir egin dezan, eta jolas egiten da esklusibotasunarekin, diz-diz egitearekin...

Zerk egiten du berezi?

Antzerki obra bat eta bakarra da [barrez]. Izatez, antzezlan bakoitza da bakarra. Gure sortzeko modua kolektiboa da, eta esperientzia zein kezka pertsonaletatik abiatutako sorkuntza bat da. Ez da aurretik norbaitek idatzitako testu bat, talde honek berariaz sortutako unibertso edo mundu bat baizik.

Horrez gain, antzezlanaren beste gakoetako bat da musikalaren kodeekin jokatzen duela. Sorkuntzaren hasieran galdegin genion geure buruari ea zer egiteko gogoa genuen edo zein zen gure ametsa. Batek rock izar bat izan nahi zuela esan zuen, beste batek abeslari... Egin zitekeela ikusi genuen, eta antzezlaneko pasarte bakoitza ixteko antzezpen musikal bat dago. Bertsioak dira gehienak, eta propio sortutako abesti bat ere badugu: Eider Perezek idatzi ditu hitzak, eta Paxkal Irigoienek egin du musika. Horrek ere ematen dio obrari beste indar bat, eta musikalen kode hori umoretik ere lantzen da.

Hortaz, guztien artean sortu duzue?

Sorkuntza kolektiboa egiten dugu. Horren nukleoa izango lirateke antzezleak, zuzendaria eta haren laguntzailea. Matxalen, Edurne eta nik osatzen dugu zuzendaritza taldea; baina hortik aurrera aktore bezala ere banabil Intza, Maiana eta Anerekin batera. Eta sorkuntzan parte hartu dute lantaldeko gainerako kide guztiek ere: Eider Perezek lagundu digu testuekin, Arantza Floresek argiztapenean, Asier Renteriak soinu espazioan... Eta gehiago, jakina.

Nukleoa osatzen dugu aktoreok eta zuzendaritzakook, eta gero besteak prozesuan sartzen eta ateratzen doaz momentu ezberdinetan.

Sortzeko modu kolektibo horrek zer eman dio antzezlanari?

Egiazkotasun bat ematen dio. Laguntasunaren inguruko galdera eta hausnarketa asko plazaratzen dira, eta baita haren inguruko ideal edo desira asko ere. Guztiak ala guztiak oso barrutik bizi ditugu, eta benetakotasun batetik tratatu ditugu gaiak; ez diegu kanpotik heldu. Hori nabaritu daiteke umorea egiteko moduan. Azkenean, lagun talde bat aurkezten dugu bertute eta gabezia guztiekin. Obran biluzi egiten gara; trapu zikin guztiak agertzen doaz publikoaren aurrean, eta umoretik eusten diegu ezintasunei, akatsei...

Laguntasuna da abiapuntua. Nondik dator gai hori lantzeko gogoa?

Duela hiru urte inguru hasi zen proiektua Garaion gunean, laguntasunaren inguruko egonaldi batean. Mahai gaienean nik jarri nuen gaia, iruditzen zitzaidalako laguntasuna oso pil-pilean zegoen —eta dagoen— gaia zela, eta hainbat hausnarketa aurrera eramateko balio zezakeela.

Uste dut askotan izan dugula gogoa gure bizitza lagunartean antolatzeko; beste familia eredu batzuk eraikitzeko, ekonomia beste modu batera antolatzeko, harreman sexual eta afektiboak beste modu batera izateko... Eta gero kolpe handiak jaso ditugu laguntasunarekin ere. Momentu batean halako panazeatzat hartu zen laguntasuna, eta gero iritsi ziren porrotak, ezintasunak eta kolpeak. Esango nuke banuela gogo pertsonal bat gaiari eusteko ere: «Eskatu diogu dena laguntasunari, hartu ditugu kolpeak... Eta orain zer?».

Jarrera kritikoa da Infinitudrama konpainiaren beste ezaugarri bat. Hortik ere badu antzezlanak?

Bai. Testuak garrantzia handia du, eta oso fina da galderetan, hausnarketa filosofikoetan... Eta beti oso modu etxekoian. Hau da, eszenan egongo dira hausnarketa horiek, baina lagunarteko elkarrizketa arrunt batean txertatuta; ez da ponentzia bat edo. Umorearen bitartez alde kritiko hori asko azaleratzen da, eta hori ere oso modu gertukoan. Ez da irakaspenik ere ematen, gehiago da: «Hauxe gara, hemen gaude, eta goazen saiatzera».

Publiko zehatz bati dago bideratuta?

Edonork ikusteko modukoa da. Ez da haur antzerki bat, baina haurrak ere etor daitezke. Aurrestreinaldian eta estreinaldian adin askotako jendea gerturatu da, eta hori beti da notizia ona. Konturatu gara ez daudela espazio asko laguntasunaren inguruan hitz egiteko, eta, aldi berean, mundu guztia zeharkatzen duen gai bat dela. Orain arteko emanaldi horietan oso-oso harrera beroa izan du, eta guk ere publikoa gertu sentitu dugu.

Lau antzezle zarete oholtzan. Nolakoa da zuen arteko elkarlana?

Proiektuan parte hartzen dugun guztion ezaugarri bat da laguntasunetik egiten dugula lan. Harreman intimoak garatzetik harago lagunarteak sortzeko asmoa dugu bizitzan, eta berdin arte eszenikoetan ere. Talde bezala ere izan dugu gure prozesua: ezagutu dugu elkar, maitemindu gara, gatazkak izan ditugu, kudeatu behar izan dugu... Eta hori ere ikusten da antzezlanean.

Emakumeak zarete lauak; berariaz bilatutako zerbait izan da?

Ez da aurretik erabakitako zerbait izan. Infinitudrama emakumez eta ez bitarrez osatutako taldea da, batez ere. Ez da aurrez hartutako erabaki bat, proiektuetara jendea gonbidatzeko orduan edo taldea osatzeko orduan faktore askok eragiten dute.

Arte eszenikoetan gauza bat da obra bat sortzea; eta ni zorteko sentitzen naiz, sortu ahal izateko baliabideak izan ditudalako. Baina oso zaila da kontratazioak lortzea, adibidez, lau aktore dituen lan batentzat. Gainera, emakumeak zein genero disidenteak oso kondenatuta gaude «lan txikiak» egitera; horiei baliorik kendu gabe. Baina ia biziraupenerako lanak izaten dira. Ekoizpen eta antolaketa lan oso bat dago askotan atzean, eta ikusezina da. Izugarrizko apustua da konpainia ez komertzial eta berri bat izanda oholtzara emakumeak eta genero disidenteak igotzea; eta ez izatea antzezle ospetsuen talde bat, edo beste gorputz mota batzuk jartzea jendaurrean... Horrela egiten dugu lan, gure bertute eta gabeziekin; ez dugu bilatzen aurrez fabrikatutako antzezle zerrenda bat.

Gizartean, askotan, elkarren aurkako lehian irudikatzen dira emakumeak. Kontrara, laguntasunaz hitz egiten jarri dituzue zuek.

Gaiak, zalantzarik gabe, askorako ematen du. Txikitatik irakasten zaigu, eta zineman, literaturan zein halakoetan emakumeen arteko sozializazioa bi pertsonen artera mugatzen dela. Lagun onenaren irudia aldarrikatzen da, eta zerbait oso intimoa bezala irudikatu. Gizonen kasuan, berriz, lagun taldea goraipatzen duten mezu asko topa litezke.

Hori ere apurtu nahi izan dugu, eta saiatu gara nabarmentzen harreman intimo batetik harago zein garrantzitsua den lagunarte zabalago bat izatea. Antzezlanean bertan saiatu gara irudikatzen zer dakarren lagunarte zabalago hori izateak, eta baita zein garrantzitsua den lagunarte horren inguruan hausnartzea ere: zein dagoen bertan, zein kanpoan, guztiak berdinak garen edo ez... Halako gaiak daude; eta beharrezkoak direla uste dut. Sortzeko prozesuan kontuan hartu ditugu, baita ere, elkarren arteko lehia, zeloak, esklusibotasuna...

Antzerki obrak aldatu egiten dira emanaldiz emanaldi. Nolako garapena ari da izaten?

Oraindik goiz da bilakaera ikusteko. Zer sortu dugun ulertzeko gehiagotan jarri behar dugu jendaurrean; hor hartuko ditu erritmo propioa, zertzelada bereizgarriak... Baina horra iristeko bidea geratzen zaigu oraindik.

Antzezlana zerbait bizia den bezala, obra liburu batean jasotzeko aukera ere izan dugu, eta emanaldietara eramango ditugu. Herrenaren promesak izena du, eta elkarlanean argitaratu dute Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) eta Susa argitaletxeak, Ganbila bilduman. Aukera ematen du publikoarekin beste modu batera harremantzeko; eta, egia esan, luxua izan da.

Villabonan nolako emanaldia aurreikusten duzue?

Ona! Emanaldi ona espero dugu: dibertigarria, beroa... Aurretik ere izan naiz bertan, eta areto polita da. Espero dugu Villabonako zein inguruko herrietako jendea hurbiltzea.

Argazkiak: Maitane Campos.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!