Langileentzat gutxieneko soldata propioa lortzeko eta haiek hobetzeko aldarrikapenarekin lantokiak hustu eta kaleak bete nahi ditu martxoaren 17an euskal gehiengo sindikalak. Gaur, Goierri-Buruntzako LABeko ordezkariek, tartean Tolosaldekoek, batzarra egin dute Villabonan lantzen hasteko. Datozen asteetan lantokiz lantoki grebaren lanketan sakonduko dute.
LAB sindikatuaren esanetan gaur egungo soldatek ez dute oinarrizko gastuei aurre egiteko aukera ematen: «Bizitza garestitu egin da, baina soldatak ez dira neurri berean igo eta langileok, ondorioz, erosahalmena galdu dugu». Sindikatuak emandako datuen arabera, soldatek 2008ko pisua berreskuratuko balute, 1.523 milioi euro gehiago jasoko lituzkete langileek. «Kopuru horren herena nahikoa litzateke gutxieneko soldata bermatzeko».
Mobilizaziorako motiboak
CENen eta Confebasken jarrera txarretsi du sindikatu abertzaleak eta esan du patronalek uko egin dietela gutxieneko soldata negoziatzeari eta lanbidearteko akordio bat adosteko mahai bat eratzeari. Era berean, erreferentzia egin dio 138.495 herritarrek babestutako HEL Herri Ekimen Legegileari: «EAJ-PSEren Jaurlaritzak bizkarra eman dio ekimenari PP eta VOX bidelagun hartuta. Baztertu egin du herritarren eskaera, aurrez pentsiodunen HELarekin egin zuen bezala».
Sindikatuak esan du langileon soldatak etengabe erasotzen dituztela, eremu pribatuan eta publikoan. Murrizketa berriak inposatu nahi omen dituzte orain, «absentismoaren mantra erabilita».
Greba Orokorrarekin ondorengo eskakizunak egingo ditu gehiengo sindikalak martxoaren 17an: 1.500 euroko gutxieneko soldata bermatzea; arrakala matxista eta arrazista murriztea; soldata guztiak gorantz bultzatzea; enpresaz enpresa eta sektorez sektore soldatak hobetzea; gutxieneko pentsio eta prestazioak igotzea; sortzen den aberastasuna justuago banatzea; soldatak hemen erabakitzea, eremu pribatuan zein publikoan; eta burujabetza handiagoa lortzea, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko soldataren eskumenak eskuratu eta, modu horretara, lan eta bizi baldintzak hobetu daitezen.
Borrokarako, beraz, hamaika motibo badaudela uste du LABek eta, beraz, mobilizatzeko deia egiten die Tolosaldeko langile guztiei. Jakinarazi du, aldi berean, greba eta mobilizazio egun arrakastatsu baten alde lanean jarraituko duela.