18 urterekin Eizmendi armategia ireki zuen Rufino Eizmendi Eizagirrek (Aia, 1948) Villabonan. Orain, garai bateko armategiaren —gaur egun ile-apaindegia da— atzean dagoen garaje batean aritzen da lanean. Elkarrizketa egin aurretik, mugimendu handia izan du tailerrean. Hiru bezero inguratu zaizkio: kartutxoen bila bat, eskopetak ikustera bestea, eta arma konpontzera eramatera azkena. «Horrela izaten da egunero, eta gaur (abenduak 18) egun lasaia izaten ari da», esan du. Armategiko txoko batean dozenaka arma izaten ditu konponduta, jasotzeko prest. Beste txoko batean lauzpabost izaten ditu, haien jabeek bezperan eramandakoak. Arma bakoitza armategira heltzean, datuak hartzen ditu Eizmendik. «Legeak agintzen du, sarrerak eta irteerak erregistratu egin behar direlako».
Familiatik datorkizu armekiko zaletasuna?
Ez. Aita zenak eskopeta bat zuen. Nik ia ez nuen ezagutu aita, baina banekien eskopeta bat zuela. Auzokoak eta ingurukoak ehizan ikusita piztu zitzaidan arra, gehienbat, armekin lan egitekoa.
14 urterekin Villabonara etorri zinen bizitzera, eta Elgoibarren hasi zinen ikasten.
Garai hartan pintxe esaten zitzaion, eta hiru urte eta erdi egin nituen bertan. Lima eta egurra lantzen nahiz eskopeten kulatak egiten ikasi nuen, eta armak egin eta egin aritzen nintzen; ordu asko sartzen nituen, soldatarik gabe.
Garai hartan arma asko salduko ziren, ezta?
Izugarri! Garai hartan, Elgoibarren, Eibarren eta Soraluzen ezkaratz bakoitzean eskopetak hartuta gora eta behera ibiltzen zen jendea; ehizarako erabiltzen zituzten. Bertan ez ezik, kanpora ere eskopeta ugari saltzen ziren. Eibarko eskopetek son handia dute, arma oso onak baitira, baina bere horretan geratu dira. Ehizarako zaletasuna gaur egungoa baino askoz handiagoa zen orduan. Orain, ehiztariok traba izugarriak ditugu, eta, hala ere, askok ematen diote jarraipena zaletasunari.
Eibarren ez ezik, beste herrietan ere handia al zen armagintzarako zaletasuna?
Lehen, ia herri bakoitzean armategi bat izaten zen, batzuetan, bi ere bai; Eibarren eta Elgoibarren, behintzat, izugarria zen kopurua. Ehiztari asko joaten zen armategietara, eskopetak neurrira egiteko eskatzera. Gaur egun, asko desagertuta daude; hamar baino gutxiago geldituko dira. Batez ere Eibarren daude. Gipuzkoan gutxi batzuek konpontzen ditugu armak; pare bat bakarrik izango gara.
«Lehen, ia herri bakoitzean armategi bat izaten zen, batzuetan, bi ere bai»
Ez da harritzekoa, beraz, tailerrera horrenbeste ehiztari etortzea.
Nafarroatik eta Arabatik asko etortzen dira. Egin beharreko lana presazkoa bada, deitu egiten dute, ea behar duten pieza badaukadan galdetzeko. Normalean, pieza gehienak izaten ditut, baita armen modelo zaharrenenak ere. Beraz, tailerrera etortzen dira, eta momentuan konpontzen diet arma.
Eta erraza al da pieza horiek eskuratzea?
Bai. Armen modelo berrienak direnean, behintzat, bai. Modelo zaharren kasuan, etxean begiratu behar izaten dut. Eibarren ere badira zenbait txoko horietarako piezak saltzen dituztenak. Horiek lortzea zailagoa izaten da, baina oraingoz moldatzen naiz.
Duela 60 urte ireki zenuen armategia Villabonako Kale Berrian, anaiarekin.
Nire arrebaren senarra armagina zen, eta biok aritzen ginen armategian lanean; hura mekaniko aritzen zen, eta ni egurra lantzen. Nire emaztea, berriz, dendan aritzen zen. Eibarko lantegietarako egiten genituen eskopetak. Horrez gain, ehiztari asko etortzen zen eskopetak konpontzeko eskean, eta horretan ere aritzen ginen. Koinatuak erretiroa hartu zuen, anaiak ere bai, eta orain bakarrik aritzen naiz.
Zuk ez al zenuen erretiroa hartu?
Bai, baina hemen jarraitzen dut.
Zergatik?
Etorkizuna etxean daukadalako, seme-alabekin. Oso gustura aritzen naiz haiei laguntzen.
Ez daukazu armagintza uzteko asmorik, beraz?
Oraingoz, eta osasuntsu nagoen bitartean, ez.
Gustura aritzen zara?
Bai. Ez dago parekorik.
Zuretzako zer da ofizio hau?
Plazer izugarria ematen dit. Bezero bat etortzen denean eta haren armak arazo bat daukala esaten didanean, ahalik eta azkarren eta ondoen konpontzen saiatzen naiz. Emaitza guztiak ez dira gustukoak izaten, baina, urteek aurrera egin ahala, nire trikimailuak erabili izan ditut.
Zer da ofiziotik gehien gustatzen zaizuna?
Dena. Batez ere, bezeroak ahalik eta gustuen egotea. Hori gertatuz gero, ni ere gustura sentitzen naiz.
Eta zer da zailena?
Armak duen arazoa topatzea. Behin arazoa topatuta, konpontzea errazagoa izaten da.
60 urtetan asko aldatuko zen armategia, ezta?
Lekua berbera da, eta lan egiteko modua ere ez dut batere aldatu. Konponketak beti bezala egiten ditut; prozedura berdina erabiltzen dut oraindik. Hori bai, erremintak asko aldatu dira.
Zergatik erabaki zenuten armategi bat irekitzea?
Behar bat ikusi genuen. Orduan, nire koinatua Eibarren ari zen lanean. Auzokoak ginen, eta asko pentsatu gabe egin genuen aurrera ideiarekin. Eskopetez eta kartutxoez gain, arrantzarako arropa eta material ugari saltzen genuen orduan. Orain, zoritxarrez, hori ia desagertu egin da. Urteek aurrera egin ahala, kirol denda bilakatu zen, eta orain seme-alabek daramate haren ardura. Dendan saltzeko materiala asko aldatu da, garai berrietara egokitzen joan garelako.
Orain, Eizmendi Kirolak denda da.
1983an hartu zuen izen hori. Argi genuen dendak hazi egin behar zuela, eta kirol mota asko hartu behar zituela. Hala ere, eskopetak eta kartutxoak saltzen jarraitzen genuen, eta dendaren ondoan armategi txiki bat mantendu genuen.
Zenbat arma aztertu eta konpontzen dituzu egunean?
Egunotan, bost eta hamar artean. Orain (abendua) ez da garai onena, baina ehiza denboraldia hasi aurretik, gehiago izaten dira. Behin ehizarako erabili ondoren, urte berria hastearekin batera, konponketa garaia izaten da. Eskopetak bainatu egiten ditugu, konpondu aurretik, eta ondoren bernizatu, datorren udazkenerako prest egoteko. Beraz, ez dut lan faltarik izaten.
Urte guztian izaten duzu lana?
Bai. Orain izaten dira ehiza txapelketak, eta ehiztari askok parte hartu ohi du. Horietan ohikoa da eskopetak edo horietako piezak apurtzea, eta beraz, orain lan handia izatea espero dut. Lehen, lan handiagoa izaten zen, herri guztietan izaten zelako astebururo lehiaketa bat. Asko izaten ziren platera eta robota hartuta jaurtiketak egitera joaten zirenak. Gaur egun, ez da halakorik izaten, legeen ondorioz.
Egunen batean bezeroak etortzen ez badira ere, nahikoa lan izaten duzu lehendik utzitako armak konpontzen.
Bai. Bezeroren batek presa duela esaten badit, lehenbailehen konpontzen saiatzen naiz. Une honetan, adibidez, Asturiasera eta Sevillara bidaltzeko arma bana ditut, paketeetan sartuta. Tarteka, kanpotik bidaltzen dituztenak konpontzen ditugu, eta bueltan bidali. Arma berriak ere saltzen ditugu kanpora.
Eskopetak konpondu eta saltzen dituzue, kartutxoak ere bai. Ba al dute arrakastarik salmentek?
Bai. Kirol dendan eskopeta berriak saltzen ditugu, baita errifleak ere. Nire tailerrean, berriz, bigarren eskukoak izaten ditut, eta asko, gainera. Zoritxarrez, bigarren eskuko eskopeta gehienek urte ugari izaten dituzte, eta baimenak berritzeko legea oso zorrotza da gaur egun. Hori dela eta, askotan, beste norbaiti saldu ordez, ehiztariek senideren bati ematen diote eskopeta.
«Honetan lan egin nahi duenak pazientzia handia eduki behar du, baita esku onak ere»
Belaunaldi berriei begira, ofizio honetan erreleboa ziurtatuta dago?
Armak saltzea erraza da, baina horiek konpontzea, neurrira jartzea, jarraipena egitea... Arazoei irtenbidea aurkitzea zaila da. Honetan lan egin nahi duenak pazientzia handia eduki behar du, baita esku onak ere, eta horiek egunero oliotan zikintzeko prest egon behar du. Lan gogorra da, eta gaur egungo gazteek ez dute halakorik nahi. Urte asko egin behar dira ofizio honetan armen arazoei konponbideak topatzen ikasteko. Pentsa, nik ez dut beti asmatzen, baina saiatzen naiz.
Baina uzteko garaia heltzen zaizunean, zer egingo dute hona etortzen diren ehiztariek?
Gaur egun inor ez da aritzen pintxe, ni aritu nintzen moduan. Nonbait egongo da armak konpontzen dakien norbait, eta harengana joan beharko dute.
Ehizan gazte gutxi ariko da, ezta?
Ez pentsa! Batzuk aritzen dira, ez lehen bezainbeste, baina badaude. Gaur egun traba handiak izaten dira, eta hala ere, azterketak egiten dituzte. Dauden trabak ikusita, harrituta nago nola jarraitzen duten azterketak egiten. Nik 18 urterekin lortu nuen baimena; gaur egun, 14 urterekin lortu daiteke. Une hartan, mundu berri bat ireki zitzaidan begien aurrean.
Ehiza zalea izango zara.
Txikitatik. Ez naiz kopurutan ahalik eta gehien ehizatzera joaten den horietakoa. Txakurrarekin batera eguna pasatzeko modu bat izaten da niretzat.