Baratze parkean izena emateko epea zabalik

Ataria 2025eko abenduaren 10a

32 partzela esleituko dira zozketa bidez eta abenduaren 12ra arte eman daiteke izena Amasa-Villabonako udaletxean.

Amasa-Villabonako Udalak baratze parkeko 32 partzela esleituko ditu zozketa bidez, baratza ekologiko gisa erabili daitezen. Izen eman eta baldintzak betetzen dituzten herritarren artean zozketa egingo da otsailean, eta gehienez, lau urterako esleituko dira baratzak erabiltzeko lizentziak.

Villabonako baratze parkearekin nekazaritza ekologikoa eta kontsumoa arduratsua sustatu nahi ditu udalak, eta bizikidetzarako eta parte hartze komunitariorako espazioak sortu. Aisialdi aktiboa eta jasangarria eta tokiko eta sasoiko produktu ekologikoen kontsumoa bultzatu nahi du, modu horretara, ohitura osasungarriak eta hezitzaileak zabaltzeko. Gutxi gorabehera 40 metro koadrokoa da partzela bakoitza eta soilik kimikorik gabeko laborantza ekologikorako erabili ahal izango da. Ureztatzeko ura eta erreminten eremu komuna ere badago parkean.

Guztira, udalak, 32 partzela esleituko ditu eta horietako bi gordeko dizkiete aniztasun funtzionala duten pertsonenei. Esleipena urte beterako izango da eta lau urtera arte luzatu daiteke. 100 euroko fidantza ordaindu eta urteko kuota bat ordaindu beharko du onuradunak; urtero eguneratuko dute kuota –2026an 126,81 eurokoa izango da– eta elbarriek, langabetuek eta elkarteek tarifa ezberdina izango dute.

Izena emateko irizpideak

Izena emateko beharrezkoa izango da azken hiru urteetan herrian erroldatuta egotea eta nekazaritza eta laborantza jarduerarako fisikoki gai izatea. Eskaera egiteko udalaren zerga betebeharrak egunean izan beharko ditu eskatzaileak eta, gainera, berak edo familia-unitateko beste kideren batek ezingo du lursailik eduki baratze parkean.

Abenduaren 12a da izen emateko azkeneko eguna eta, horretarako, 08:00etatik 14:00etara jo beharko da HAZ Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzura. Villabona.eus atariaren erregistro elektronikoan ere eman daiteke izena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!