Euskal Herriko herri kirolen esparruan mugimendu handia sortu da azken asteotan: motozerra, trontza eta aizkora uztartzen dituen Euskal Timber Txapelketak harrotu ditu hautsak. Modalitate berri honen atzean Gari Etxeberria dago, Amasakoa, eta gurean gauzatzen ari den egitura honen xehetasunak azaldu dizkigu, ikusleen eta kirolarien artean piztu duen jakin-minari erantzunez.
Etxeberriak dioenez, helburua argia izan da hasieratik: Euskal Herrian ohikoa ez den formatu bat gure plazetan probatu eta kirolariei nazioarteko estrukturara sarbidea irekitzea. Horregatik, lehen kanporaketa ateak itxita egin zen, nazioarteko antolakuntzek erabiltzen duten sistemari jarraituz. Hori ez da ohikoa gurean, eta ikusle askok galdetu diote zergatia.
Diziplina zorrotza eta arau berriak
Stihl Timbersport modalitateak lau lan nagusi bateratzen ditu: enborra moztea motozerraren bidez; makal enbor etzana ebakitzea; trontza lana bakarka, eta azkenik, zutikako enborra moztea. «Azkarra da, bizia eta ikusgarria; bi eta hiru minutu arteko lanak dira, dena oso intentsoa da», azaldu du Etxeberriak.
Astigarragan egin zen lehen kanporaketan 23 parte-hartzaile elkartu ziren, herri kirol munduko izen ezagunak gehienak. Iker Vicentek irabazi zuen lan ikusgarriarekin, eta haren atzetik Julen Alberdi, Txikia, eta Xabier Zaldua bezalako kirolariak sailkatu ziren. Etxeberriak nabarmendu du maila «oso altua» izan zela.
Txapelketaren osagarri nagusietako bat arauen zorroztasuna da. «Hemen ez du balio denbora onena egiteak; gauza txikiengatik deskalifikatu zaitzakete», ohartarazi du amasarrak. Stihl-eko epaile ofizialak Soriatik eta Kanarietatik etorri ziren, eta lan guztia milimetro baten zehaztasunez epaitzen dutela erakutsi zuten: aizkora non utzi, eskuen posizioa, markatutako errailetik ez ateratzea… «Epaileak ez dira hitz egiten hasten saioa amaitu arte; bukaeran esaten dizute: bai edo kalera». Horrek tentsioa areagotzen du, baina Etxeberriak dio beharrezkoa dela: «Gure ohitura da epailearekin berehala eztabaidatzea, baina hemen delegatu bidez egiten da dena. Errespetu handia dago».
Kanporaketatik mundura
Final handian 16 kirolarik parte hartuko dute, aurrez aurreko sistemaren bidez. «Hau ez da denbora kontua izango. Kanporaketako lehen sailkatuak 16.arekin jokatzen du, bigarrenak 15arekin… eta horrela. Faseak igaro behar dira, finalera iritsi arte», azaldu du. Modalitateak esfortzu handia eskatzen du, eta nekea pilatzeak ezusteko ugari eragin ditzake.
Baina albisterik handiena ez da soilik probaren ikusgarritasuna: Etxeberriak lortu du Euskal Herriko kirolariek berriro parte hartu ahal izatea nazioartean. «2011n Stihl etxeak hemengo kirolariak kanpoan utzi zituen, arazo batzuen ondorioz. Ordutik ezinezkoa izan da mundu mailako txapelketetan aritzea». Baina harreman berriei esker, ateak zabaldu dira berriz. «Hemengo kirolariak modalitateko munduko txapelketara joan daitezke. Aukeratuek bidaia, egonaldia eta dena ordainduta izango dituzte».
Final nagusia Zarautzen jokatuko da abenduaren 20an, kiroldegian eta publikoarekin. «800 sarrera jarri ditugu salgai eta guztiak salduko direlakoan gaude», azaldu du. Baldintzak zorrotzagoak izango dira beste plaza batzuetan baino, baina antolatzailearen esanetan, «honelako formatuak horrela eskatzen du». Sarrera horiek online bidez erosteko aukera dago, euskatloia.com webgunean.
Etxeberriak kirolarien jarrera ere nabarmendu du. Trontzan bakarkako lanak ez dira gurean ohikoak, baina «lan handia eginez, egunetik egunera hobetzen ari dira». Daniel Vicentek gidatutako bi prestakuntza-kanpaldi egin dituzte, eta antolatzailea harrituta gelditu da: «Maila oso txukuna erakutsi dute lehen aldia izateko». Vicenteren prestutasuna ere eskertu nahi izan du amasarrak.
Etorkizunari begira, Gari Etxeberria antolatzaileak argi dauka: txapelketa hau ez da egundoko saiakera isolatu bat izango. «Urtero-urtero edo bi urtez behin egitea gustatuko litzaiguke. Jendeak hasieran erreparoz begiratzen zuen, baina gero behin ikusita, asko animatu dira. Etorkizunean ere gehiago animatuko direlakoan nago».
