Euskararen geroaz hitzaldia emango du Jon Sarasuak

Ataria 2025eko azaroaren 21a

Uzturre Foroak antolatuta, Villabonako Subijana etxean izango da, abenduaren 2an.

Euskararen orainaz eta etorkizunaz ariko da Jon Sarasua abenduaren 2an, Villabonako Subijana etxean emango duen hitzaldian. Uzturre Foroak antolatutako ekitaldia da, hain justu, martxoan eratu zenetik bosgarrena, eta urteko azkena.

Euskararen Egunaren harira antolatu dute Euskaren etorkizunaren harira, nola gaude eta nora goaz hitzaldia. Nahi duen ororentzat irekia izango da, eta 19:00etan hasiko da. Sarasuak Gorane Agirre kazetaria izango du lagun.

Jon Sarasua idazlea eta Mondragon Unibertsitateko HUEZI fakultateko irakaslea da, eta euskararen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz «sakon eta zorrotz» hausnartu, idatzi eta hitz egin du. Uzturre Foroak azaldu duenez, hausnarketa eta informazio gune bat eskaini nahi die Tolosaldeko herritarrei «gure eskualdeko erronka eta lehentasunen parte den gai bati buruz». Ekitaldia Villabonan antolatzeak Uzturre Foroaren bokazioa islatzen duela adierazi dute, «bere jarduna Tolosaldeko eskualde osora zabaltzea baita».

Uzturre Foroaren helburua Tolosaldean hitzaldiak, elkarrizketak, mahai-inguruak, jardunaldiak, biltzarrak eta interes handiko beste edozein jarduera dibulgatzaile antolatzea da. Gogoratu dutenez, Uzturre Foroaren Adiskidea izateko aukera dago. «Adiskidea izateak hiru inplikazio ditu: erakundearen helburua partekatzea; Uzturre Foroak antolatzen dituen ekitaldiei edo argitaratzen dituen dokumentuei buruzko aldez aurreko informazioa jasotzeko prest egotea; eta foroko adiskideen urteko topaketa baterako gonbidapena jasotzeko prest egotea». Erakundearen talde sustatzaileak argitu du Uzturre Foroaren Adiskidea izateak ez dakarrela inolako kuotarik ordaintzea. «Diruz lagundu nahi duenak aurrerago sortuko den bazkide figuraren bitartez egin ahalko du«.

Uzturre Foroko Adiskide izan nahi dutenek Uzturreforoa.eus web orriaren bidez egin dezakete. Halaber, info@uzturreforoa.eus helbidera ere idatzi dezakete, izen-abizenak, posta- helbidea, helbide elektronikoa eta telefonoa idatziz eta Uzturre Foroaren komunikazioak nola jaso nahi dituzten zehaztuz: posta arrunta, e-maila edo whatsapp.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!