Inauterietako pilotakadaren auzia

Zauritu zutenetik 21 hilera deklaratu du Xuhar Pazosek

Ataria 2025eko azaroaren 17a

Deklarazio hartzea baino ez da izan gaurkoa; epaiketara iritsi ahal izateko gaztearen abokatuak froga gehiago proposatu dizkio epaileari. 2024ko Tolosako inauterietan foam jaurtigai batekin zauritu zuten Pazos eta begi bateko ikusmena ia galdua du.

Tolosako 1. Instrukzio Epaitegian deklaratu du gaur goizean Xuhar Pazos gazte billabonatarrak foam jaurtigailu batek zauritu eta 21 hilera. Auzibidea artxibatuta zegoen 2024ko azarotik baina aurtengo irailean Gipuzkoako Probintzia Auzitegian helegitea jarri eta kasua berriro ere zabaldu zedin eskatu zuen gaztearen abokatuak.

Pazosek 20 minutuz deklaratu du epailearen aurrean eta 2024ko otsailaren 13an zer ikusi zuen eta pilotakada zein momentutan jaso zuen azaldu dio epaileari eta esplikatu dizkio begian jasotako kolpeagatik ordutik hona ikusmenean izan dituen ondorioak.

«Xuharrek pilotakada jaso zuen eta askoz gehiago ezin du esan», aipatu du Aiert Larrarte gaztearen abokatuak. «Hemen eztabaidatu behar dena da, ea poliziak istiluen aurkako materiala erabiltzen duenean behar bezala erabiltzen ote duen, legea betez, behar den distantziatik eta behar den altueran».

Auzibideak aurrera jarrai dezan Ertzaintzaren aurkako akusazioak irudiak aurkeztuko ditu non gau hartan ertzainek pilotak nola jaurti zituzten ikusten den; horrekin batera, une hartan inguruan zeudenen lekukotza gehiago entzuteko ere eskatu du abokatuak. «Guk nahi duguna da hau guztia epaiketa publiko batean eztabaidatzea, herritarren aurrean eta prentsa presente dagoela. Eman ditzala bakoitzak bere esplikazioak. Utziko digute epaiketa batean Ertzaintzarena ez den beste bertsio bat defendatzen? Zergatik artxibatzen dira auzi hauek epaiketara iritsi aurretik, justu Ertzaintza tarteko denean?».

Larrartek nabarmendu du epaileak jarrera ona izan duela eta zehaztu du gaur gazteari deklarazioa hartu dion epailea ez dela azaroan auzia artxibatu zuen bera. Are, nabarmendu du gaurko saioan presente zeuden ertzainen bi abokatuei ere kargu hartu diela uneren batean: «Ohartarazi die aztergai dagoena ez dela Xuharren eginbidea, Ertzaintzarena baizik». Larrarteren iritziz, «ez goaz ondo» eztabaidaren erdigunera ekarri nahi dena Tolosako inauterietan dabilen 16 urteko mutil baten jokabidea bada.

Babesa epaitegi atarian

Epaileak deklarazioa hartu duen bitartean, Xuhar herri plataformak deituta elkarretaratzea egin dute epaitegiaren aurrean. Ertzaintzaren hiru furgoneta egon dira tarte luze batez, haien alboan, baina ez da tentsiorik egon. Jon Pazosek Xuharren aitak esan du ez zutela Ertzaintzaren presentziarik espero epaitegi atarian: «Urduri etorri da Xuhar eta gu ere bai. Gure semeari psikologikoki ez dio mesede handirik egiten deklaratzera sartzerakoan haiek parez pare ikusteak».

Gaztea babesa ematera joandakoen artean Amaya Zabarte egon da, Realaren eta PSGren arteko partidaren atarian, Anoeta inguruan Ertzaintzak larri zauritu zuen emakumea. Haren senarrak, Joseba Novoak eskatu du errebisatu ditzala Ertzaintzak bere protokoloak eta izan ditzatela ondorioak arau haustea egiten duenak: «Ertzaintzaren brigada mugikorraren jarduteko modua dago atzean. Istripuak direla esaten dute, baina ez da horrela. Gerritik gora ari dira tiroak botaten eta jende asko larri zauritzen dute. Gelditu dezatela hau behingoz». 

Realaren eta PSGren arteko partidan Zabarterekin batera, Maria Martin ere zauritu zuten. Novoak azaldu du beste emakume baten salaketa ere jaso berri dutela abokatuen bulegoan: «Hirugarren emakume honek lepoan jaso zuen kolpea foam jaurtigaiarekin. Epaitegian jarri zuen salaketa artxibatu egin zuten, baina ikusita zein tratu ematen ari zaigun guri, berriro ere bere kasua zabaltzeko eskaera egiteko asmoa du. Horrek esan nahi du, gutxienez, hiru pertsona zauritu zituztela egun eta toki berean. Astakeria da hori».

Jon Pazosek semearentzat bezala, poliziaren indarkeria kasuetako gainerako biktimentzat egia, aitortza eta justizia eskatu ditu: «Ezin gara gu izan errudunak historia honetan. Errudunek egindakoaren ardura hartu behar dute eta ez tapatzen aritu orain arte bezala. Ezin dira Ertzaintzaren aldetik horrelako jarrerak onartu. Polizia bat dago herritarrak zaintzeko eta ez jendea jipoitu eta mutilatzeko. Ezin da onartu».

Larunbatean 18 urte bete zituen gaztearen aitak azaldu du begi batetik parez pareko ikusmena ez duela, printzipioz, berreskuratuko. «Saiatzen da bere bizitzarekin ahalik eta normaltasun handienarekin jarraitzen, baina asko mugatu dio ikasketatan eta baita bizitzako beste hainbat esparrutan ere».

Villabonako gaztearen senideek gaia «serioski» hartzeko eta gertatutakoa argitzeko epaiketa bat egiteko eskatu dute. Espero dute auzia berriro ez artxibatzea, nahiz eta Jon Pazosen hitzetan, aukeretako bat izan: «Ardurak eskatzen ditugu, ertzain bat epaitu behar badute epaitu dezatela, beste edozein pertsona epaitzen duten modura. Ezin dute gaia estaltzen jarraitu. Nahikoa da. Bada garaia gauzak aldatzeko».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!