Lasterka hasi dute eguna

Ataria 2025eko azaroaren 15a

Festak ospatzen ari dira Amasan, eta haurren krosarekin hasi dute gaurko egitaraua. Hainbat lasterketa egin dituzte, adinaren arabera banatuta.

Amasako festak ospatzen ari dira asteburuan, eta gaur haurren krosarekin hasi dute eguna. Adinaren arabera banatu dituzte kategoriak, eta taldeka aritu dira lasterka herriko gazteenak. Antolatzaileen arabera, guztira, 160 haur inguruk eman dute izena lasterketaren batean.

Eguraldia lagun, urteroko ibilbide bera egin dute gaur ere: txikienek, herriko plazatik abiatu eta ondoko etxe-multzoa inguratu; eta, adinean aurrera egin ahala, plazatik abiatu eta alboko belazea ere inguratu dute.

Krosarekin hasi eta arratsaldera begira ere, hainbat jarduera prestatu dituzte: 16:00etan hasiko da herri kirol erakustaldia; 18:30ean kantaldia izango dute Andoni Ollokiegi musikariarekin; eta, eguna bukatzeko, Olgetan erromeria taldeak 23:30ean hasiko du kontzertua txosnan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!