Mende erdia ospatuko du Oinkarik

Ataria 2025eko azaroaren 13a

Azaroaren 20tik 22ra egingo dituzte ospakizunak eta herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera.

Oinkari dantza taldeak 50. urteurrena ospatzeko azaroaren 20tik 22ra egingo dituen ekitaldiak aurkeztu ditu Amasa-Villabonako udaletxean. Maite Barandiaran taldearen sortzaileetako batek eta Eneko Arteaga zuzendariak egin dituzte aurkezpen lanak.

Azpimarra berezia egin dute azaroaren 21ean Olaederra kiroldegian eskainiko duten 50 urte dantzan ikuskizunean. 150 dantzari inguruk hartuko dute parte, gaur egun taldean aritzen diren 50en batek, eta aurreko belaunaldietan Oinkarin aritutakoek. Hodei Arrastoa, Oihan Carramiñana eta Agurtzane Intxaurraga aktoreek gidatuko dute emanaldia, Oihana Iguaranek prestatutako gidoian oinarrituta.

Arteagak azpimarratu du 15 musikari arituko direla ostiraleko emanaldian oholtza gainean. «Iñaki Dieguezen zuzendaritzapean lau gonbidatu berezi izango ditugu: Bilboko Txistulari Bandan ezagutu genituen Garikoitz Mendizabal eta gaur egungo zuzendaria den Gorka Zabaleta; Pello Ramirez ere etorriko da, Itsasoaren emazteak emanaldiaren harira ezagutu genuena; eta, laugarrena, Korrontziko Agus Barandiaran izango da».

Hain zuzen, Agus Barandiaranek osatu du Oinkariren 50. urteurreneko kantua. Aitortu du ez dela horrelako enkarguen zalea, baina proposamena onartu zuela esan du Amasa-Villabonako taldearekin urteotan izan duen harremanagatik. «Gogoan daukat nik ezer jakin gabe nola prestatu zituzten koreografia batzuk nire hainbat piezekin 2009an. Keinu horrek barrutik bete ninduen eta nire trikitiari zentzua eman dio ordutik Oinkarik. Ehunka eta ehunka emanaldi egin ditugu Euskal Herrian eta baita hemendik kanpora ere, 30 herrialdetan baino gehiagotan». Oinkari 50 izeneko kantuan oinarritutako bideoklipa bihar izango da ikusgai plataforma guztietan.

Amasa-Villabonako Udalak urteotan taldeari eman dion babesa eskertu du Arteagak, eta azaldu du Oinkarik izan duen bilakaera ez litzatekeela posible izango haiek emandako laguntzarik gabe. Beatriz Unzue alkateak urteotan Oinkarik egin duen lana goraipatu du eta taldeko kideei esan die udala haien alboan egongo dela aurrerantzean ere.

Bihar, Oinkariren 50. urteurrenaren inguruko erreportaje zabala kaleratuko du ATARIAk.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!