ERREPORTAJEA

Atea da giltza

Aitor Arroyo Askarai 2025eko azaroaren 15a

Bi protagonista, ate bat eta zuzeneko musika; horiek ditu osagai Hika Teatroa konpainiaren Atearen bestaldean antzezlanak. Azaroaren 23an egingo dute Villabonako Gurea antzokian.

Ateak sarritan izaten dira metafora iturri. Itxita zein irekita. Ixteak irekita. Bateko babes, eta besteko giltzarrapo. Bada, horixe du atrezzo bereizgarri —eta izenburu— Hika konpainiaren Atearen bestaldean antzezlanak: ate bat. Oholtza gainean Sandra Fernandez antzezlea eta Unai Zelaia musikaria; eta, bien artean, hitzik ez. Musikak eta gorputzen adierazpenak kontatzen dute istorioa; eta, abiapuntu, urtebetetze bat. Haurrei zein familia osoari bideratutako obra da, eta azaroaren 23an egingo dute Villabonako Gurea antzokian, 17:00etan.

Protagonista esnatu eta bere urtebetetzea dela konturatzen da, baina inork ez du bera zoriontzeko aterik jotzen. Etxeko isiltasunak eta itxaropenak egonezin bihurtzeraino luzatuta, azkenean, atea zabaldu, gurutzatu eta kanpora joatea erabakitzen du. Agurtzane Intxaurraga zuzendariaren hitzetan horixe da lehen aldarrikapena: ateak irekitzea, norberak bere kabuz. Zentzu berean azaldu du metafora hori ez dela kasualitatea, eta antzezlanak bizi dugun «gizarte indibidualistarekin» lotura zuzena duela: «Ikuskizunarekin gonbidapena egiten dugu ateak beti irekitzera eta gurutzatzera; ate bat gurutzatzen dugunean beti topatuko dugulako norbait edo toki ezberdin bat».

Sakonean landu nahi dena, ordea, ez da urtebetetze bat, bakardadea baizik. Sortzaileak kontatu du gai horretan sakontzeko interesa eguneroko errealitatetik sortu zaiola: «Nork bere buruarengan bakarrik pentsatzera bultzatzen gaitu gizarteak; ez dago kolektibotasunik». Hari horri tiraka, Intxaurragaren hitzetan bakardadea «mamu bat» bihurtu da gaur egungo gizartean; eta ez soilik adinekoentzat, baita adin guztietako pertsonentzat ere, besteak beste, «familia ereduak eta auzolanaren kultura» aldatu direlako. Hori horrela izanda ere, ikuskizunean ez du tristura edo ezkortasuna adierazi nahi izan, kontrara, irtenbide poetiko bat proposatu eta bakardadea «modu erresiliente» batean lantzea bilatu du.

Hitzik gabeko mezua

Aipatutakoez gain, lanak badu ezaugarri bereizgarri bat ere: protagonistek ez dute hitz egiten. Interpreteek gorputzaren bidez komunikatzen dute: keinuez eta jarrerez. Zuzendariak aurreratu du hori ere ez dela ausazko erabakia izan: «Haurrei bideratutako antzezlana izanik, eurekin komunikatzeko biderik egokiena ez da bakarrizketa luze bat egitea, keinuen eta gorputz jarreren bidez adieraztea baizik». Fisikotasunari «balio handia» ematen dio Intxaurragak, eta baita hark sentimenduak zein mezuak adierazteko duen gaitasunari ere.

Hitzik izan ez, eta komunikatzeko tresnetako bat gorputza bada ere; obrak badu beste «hizkuntza unibertsal» bat ere: zuzeneko musika. Eta ez da melodia hutsa, dramaturgiaren parte aktibo baizik. Bi artistek bata bestearen adierazpenak osatzen dituzte: musikaren bitartez Zelaiak; eta gorputzaren bidez Fernandezek. Nolanahi ere, biek osatzen dute istorioa eta, biek gidatzen, ikuslea.

Biolina erabiltzen du Zelaiak melodiak zein giro musikalak sortzeko, eta Intxaurragak aitortu du hasieran «mesfidantza puntu bat» izan zuela: «Instrumentu finegia iruditzen zitzaidan giroa osorik betetzeko, baina Sandrak konbentzitu ninduen. Unai jotzen entzun nuen lehen aldian bertan jabetu nintzen hura zela bilatzen ari ginena». Biolin jotzaileak looper sistemak erabiltzen ditu eta, horrez gain, objektuekin ere sortzen ditu giroa osatzeko soinuak.

Aipatutako guztia bildu eta haurrei jolas bat proposatzen diela ere azaldu du zuzendariak: «Antzezlana hasten denetik eurak ere nahi dutena gorputzarekin adieraztera animatzen ditut. Zoragarria da nola barneratzen diren testuinguruan, eta isiltasuna ikaragarri polita izaten da. Aitortzen dut oso harro nagoela ikuskizunarekin. Altxortxo bat iruditzen zait».

Kalean zein aretoan

Antzezlanak bertsio bana du kalean zein antzoki barruan egiteko. Zuzendariak aitortu du lehen asmoa kalerako ikuskizun bat prestatzea izan zela, baina Fernandez antzezlearekin sortzen areto barruan hasi zirenez, prozesuak berak eraman zituela lehenik antzoki barruko obra prestatzera. Edonola ere, gogobeteta azaldu da bateko zein besteko bertsioekin.

Emanaldia kanpoan egiten dutenean laburragoa izaten dela ere aipatu du, eta «elementu sotil» batzuk kentzen dituztela inguruneko testuingurura moldatzeko. Izan ere, haizeak edo kaleko giroak zenbait objektu erabiltzea zailtzen diete, eta zehaztu du ezin dela «edozein tokitan» interpretatu: «Ondoan terrazarik edo azokarik ez izateko eskatzen dut. Ez da festa baten erdian egiteko antzezlan bat; giro intimoagoa eta goxoagoa eskatzen ditu, ikusleek isiltasunean jarrai dezaten protagonisten bidaia poetikoa».

Lehengo lepotik burua

Ez da Hika konpainiak egiten duen hitzik gabeko lehen antzezlana. Intxaurragak ibilbide logiko batean barruan kokatu ditu fisikotasuna, poetikotasuna eta ikusleekin harremana sortzea; eta hari berari tiraka nabarmendu du egin izan dituztela «narratiba bortitzagoa» duten antzezlanak ere.

Dena den, obra honetan «estetika leuna eta xamurra» da nagusi, eta gidoiak publikoaren parte hartzea bilatzen du zenbait unetan: «Ez da parte-hartze bortitz bat, ez da deiadar esplizitu bat, baina publikoak eginkizun sinboliko bat du istorioaren barruan, eta istorioaren parte izatea iradokitzen zaio». Eta, zentzu horretan, zuzendariak balio bereizgarritzat du istorioaren inplikazio horrek umeengan zein helduengan eragiten duen konexioa.

Agurtzane Intxaurraga: «Nork bere buruarengan bakarrik pentsatzera bultzatzen gaitu gizarteak»

 

Agurtzane Intxaurraga: «Gerturatzen denak bakardadeari beste ikuspuntu batetik begiratzeko aukera izango du»

Zuzendariaren hitzetan «oso erraza» izan da antzezlana sortzeko prozesuan Fernandez aktorearekin lan egitea. Inprobisazio «lan ugari» egin dute ideiak probatzeko eta baztertzeko, dramaturgia fintzeko eta musikaren zein gorputzaren arteko elkarrizketa uztartzeko. «Estreinaldira hamargarren interpretazioa balitz bezala iristea gustatzen zait», eta izan du horretarako aukera; izan ere, estreinaldiaren aurreko asteetan ikastetxe bateko hainbat adinetako ikasle taldeak gonbidatu zituzten. Intxaurragak azaldu du «oso lagungarria» izan zela, aukera eman zielako publiko desberdinen erreakzioak ezagutzeko, eta horrek «segurtasun handia» eman ziela lehen emanaldira iristeko: «Hasieratik hona asko barneratu dute antzezlana, eta erlaxatuago nabaritzen zaie. Hala ere, hasierako tentsio hori ezin dutela galdu nabarmentzen diet beti».

Emanaldira joan ala ez zalantzan daudenei sortzaileak gonbita egin die: «Urtebetetze bat ospatzera gonbidatzen ditugu, eta zoragarria izango da. Pertsona horrek merezi du haiek hurbiltzea, eta elkarrekin abestuko diogu». Dena dela, antzezlanaren helburua ez da «irakaspen moral bat» edo antzekorik ematea: «Antzerki soziala egiten dugu, hori da bereizgarria. Gerturatzen denak bakardadeari beste ikuspuntu batetik begiratzeko aukera izango du; eta gainera ikuskizunarekin gozatzen badu, zoragarri».

Bestalde, Intxaurragak eskerrak eman dizkio Villabonako Udalari emanaldia bertan egiteko aukera emateagatik, eta aurretik ere Zorretan programatu izanagatik. Eta, era berean, horixe eskatu dio publikoari ere: «Jendeak egin dezala apustu arte eszenikoen alde; oro har, kulturaren alde». Bestalde, nabarmendu du Hikan egiten duten antzerkia ez dela «soilik entretenitzeko», kontrara, baliabide aberasgarria dela «enpatia garatzeko, emozioak lantzeko eta mundua interpretatzeko».

'ATEAREN BESTALDEAN' EMANALDIA

Azaroak 23. Villabonako Gurea antzokian, 17:00etan.

FITXA ARTISTIKOA

Zuzendaritza eta dramaturgia. Agurtzane Intxaurraga.

Antzezlea. Sandra Fernandez Agirre.

Zuzeneko musika eta konposatzea. Unai Zelaia.

 

Iraupena. 55 minutu. 

Publikoa. Familia osoa.

Argiztapena (aretoan). Xabier Lozano.

Espazio eszenikoa. Agurtzane Intxaurraga.

Jantziak. Xabier Mujika.

 

Argazkiak: Hika Teatroa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!