Alkatearena konpromiso handiko lana dela dio Beatriz Unzue Esnaolak (Amasa, 1974). Aitortzen du esku artean dituen gai guztiak ez direla nahi bezain erosoak, baina badaki horretarako dagoela udalean, zezenari adarretatik heltzeko. Jarrera horrekin egingo du, gutxienez, 2027ra artekoa.
Bide onean al doa agintaldia?
Uste dut martxa onean goazela. Aurten, etxe barruko makinaria egokitzeko aukera izan dugu eta udalarentzat garrantzitsuak diren bi pieza osatu ditugu, idazkariarena eta arkitektoarena. Lanaldi osoan hasi zaizkigu eta horri eskerrak hainbat proiektu atera ditugu aurrera. Ez guk nahi bezain azkar, motela baita administrazioaren prozedura, baina muga batzuk, behintzat, gainditu ditugu.
Zer geratu zaizue bete gabe?
Liburutegiaren berrikuntza. Proiektua diseinatzerakoan konturatu ginen goiko solairuaren adinako espazioa dagoela hutsik sotoan. Garai batean erabiltzen zen espazioa da eta pentsatu genuen liburutegirako eremu hori ere baliagarria izan zitekeela. Gertatzen dena da uholde arriskuko tokia dela eta obra egiteko Uraren Euskal Agentziaren baimena behar dugula. Espero dugu lortzea, baina baimena ematen ez badigute, gaur egungo liburutegiaren espazioa eta udaletxeko arkupeen zati bat baliatuta egingo dugu obra. Datorren urtean hasi nahi genituzke lanak eta espero dugu legealdia bukatu aurretik liburutegi berria martxan jartzea.
Uholde arriskuak baldintzatzen du herriko garapen urbanistikoa. Aurrerabiderik egin al duzue bi urteotan?
Bai. 2020an argitaratu zen HAPO Hiria Antolatzeko Plan Orokorrean herriko 18 gunetatik 13 blokeatuta geratu ziren, gehienak, uholde arriskuagatik. Lan talde bat jarri dugu lanean gune horiek desblokeatzeko. Uste dut urte hauetan guztietan ibaian dezenteko hobekuntzak egin direla: erreka zabaldu da, presak kendu eta arriskuak gutxitu dira. Espero dugu aurki egoerari buelta ematea.
Etxebizitza berriak eraikitzeko mugatuta zaudete.
Bai. Ari dira promotore pribatuak pilotaleku pareko eremuan, baina hor etxebizitza guztiak libreak izango dira. Lokal komertzialak etxebizitza bihurtzeko aukera ere mugatuta daukagu uholde arriskuagatik; Kale Nagusiaren alde batera egin daitezke eta bestera ez. Villabonak hazteko aukera nagusia Sacem-go eremuan du: auzo berri bat dago proiektatuta, Etxeondoko eremuarekin zubi batekin lotuko litzatekeena. Baina Sacem-goa are korapilatsuagoa da, ibaiaren ondo ondoan baitago; guk ahalegin guztiak egingo ditugu hori aurrera ateratzeko, baina luze joko duela iruditzen zait. Bien bitartean, Amasako herri gunera iritsi aurreko zuzengunean, errepidearen bi aldeetara, ezker-eskuin, etxeak egingo dira behin errepideko lanak amaitzen direnean; 75-80 etxe joango dira, babes ofizialekoak, tasatuak eta libreak. Ikusten dugu, hala ere, Etxebiden eta Alokabiden jende asko dagoela izen emanda eta herriko gazteek hemen geratu nahi dutela baina ezin dutela. Bien bitartean etxe hutsak merkaturatzeko bideak asmatu beharko ditugu.
Amasarako bidea noiz gauzatuko da?
Bide onean doa. Aldundiarekin adostasun batera iritsi ondoren, obraren % 60 udalak ordainduko du eta gainerakoa haiek. Aldundiak idatziko du proiektua eta esleituko ditu lanak. Legeak agintzen duen zabalera emango zaio errepideari eta Villabonatik gora zoazela, eskuinetara oinezkoentzat espaloia egingo da.
Txermingo lanekin bukatu dira aparkatzeko arazoak Villabonan?
Arazoa asko hobetu da, gaur egun beti baitago tokia berritutako aparkalekuan. Berez, herri barruan ez genuke kotxerik erabili behar, baina jendeak ohitura izaten du herri erdiguneraino kotxean joateko; esan ere egiten dute askok Txermin urruti egiten zaiela. Egia da, oraindik lanak amaitu gabe daudela eta gauetan argirik ez dela egoten aparkalekuan. Zain gaude argindar hornitzaileak noiz egingo duen lotura, argiteria jarri eta ingurune hori ere segurua izan dadin.
Auzoetan beste esku hartzerik aurreikusten al duzue?
Hain zuzen, Txermin auzoa zaharkituta geratu da eta itzuli bat eman nahi diogu. Aurre-proiektu batean ideia batzuk landu ditugu eta datorren urtean parte hartze prozesu batean auzotarrekin batera lehentasunak zehaztu nahi ditugu, ondoren lanekin hasteko. Etxeondo auzoan ere konponketa batzuk egin nahi ditugu.
Aurreko agintaldiko parte hartze prozesuan herritarrek bolatokiaren proiektua lehenetsi zuten. Bi urteotan gauzatuko da?
Ez dut uste. HAPOAn Olaederra ondoko toki hori gune berde bezala zegoen aurreikusita. Aldatu egin behar da izendapena, dotazio bezala katalogatu behar dugu. Aurretik aipatutako lanketa horretan jasota dago eremu hau ere. Ez dugu uste agintaldia amaitu aurretik gauzatuko denik. Kontentu geundeke datorren urtean proiektua idazteko aukera izan eta bolatokiaren proiektua bideratuta utziko bagenu.
Kezkatuta zaudete merkataritzaren egoerarekin?
Guretzat beti izan da lehentasuna herriko merkataritza mantentzea eta sustatzea. Guk ahal dugun neurrian lagundu dugu. Urtero kanpainak babesten ditugu. 2022an Villabonako Merkataritza Indarberritzeko Plan Berezia onartu genuen. Aparkalekua zen bertan aipatzen zen gabezietako bat eta uste dut Txermingo aparkalekuarekin aurrera urratsa egin dugula norabide horretan.
Amasamendin eraiki nahi duten parke eolikoa baldintzatzeko zein eskumen du udalak?
Hutsaren hurrengoa. Guk martxoan jaso genuen Premier ESPF Ipaz Haizea enpresaren kontsulta urbanistikoa udaleko erregistroan, Amasamendin bi aerosorgailu jarri nahi zituztela esanez. Berehala bilera batera deitu genituen informazio gehiago jasotzeko. Bigarren bilera batean, esan genien haiek proposatzen zutena baina toki egokiagoak zeudela parke eolikoa egiteko, ingurunean kalte gutxiago eragingo zutenak. Hirugarren bilera batean, hasi ginen hizketan balizko haize errota horietatik sortutako energiaren banaketaz, baina apiriletik hona ez dugu haien berririk. Egin zuten kontsulta urbanistikoari erantzuteko zain gaude noiz aurkeztuko duten oinarrizko proiektua. Eta, aldi berean, badakigu jaurlaritzan proiektuaren inpaktu ekologikoaren inguruko txosten bat aurkeztu behar dutela datorren martxorako edo. Txosten horri helegitea jartzeko aukera izango du udalak.
Horretara mugatzen da udalaren esku hartzea?
Bai. Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plan Sektorialean Amasan eremu poligonal bat dago zehaztuta eta hor daude jasota zeintzuk diren gune emankorrenak haize errotak jartzeko. Premier ESPF Ipaz Haizeak, jaurlaritzaren baimena du poligonal horren barruan haize errotak jartzeko eta baita Hernaniko proiektuarekin konexio elektrikoa egitekoa ere. Horren aurka udalak ezer gutxi du egiteko. Haiekin bildu izan garenetan esan diegu proiektua aurrera baldin badoa herri galdeketara eramango dugula gaia. Ahoz erantzun izan digute emaitza errespetatuko dutela, baina haien hitza besterik ez dugu. Argi adierazi izan digute Amasamendin saiatuko direla, baina ezin badute beste kokapen bat bilatuko dutela poligonalaren barruan, ondoko herrian ez bada, terreno partikularretan. Guk Amasa-Villabonan atzera botatzeak ez du esan nahi egingo ez dutenik.
Herritarren artean oposizio handia dagoela sumatzen duzue?
Guk hasieratik esan genuen gai honetan gardentasunez jokatuko genuela. Enpresak zer erantzungo zain geunden bitarte horretan, Amasamendi Bizirik plataformak 1.800 sinadura baino gehiago bildu zituen eta udalean aurkeztu. Hori ikusita argi genuen guk ezin genuela beste aldera begiratu. Hiru batzar informatibo egin ditugu herritarrekin, irekiak. Bilerak oso gogorrak izan dira, bereziki Amasakoa. Ez dira eraginkorrak izan, eta ez dute bide handirik eman ez arrazoitzeko ezta elkarrizketarako ere. Ez da eztabaida erraza: denok nahi ditugu berriztagarriak, baina aldamenean ez dugu zentral nuklearrik nahi, ez ditugu soroak eguzki plakez bete nahi... Soluzioa zein da?
Amasako Iturri-goxo taberna-jatetxea lehiaketara atera zenuten. Noiz zabalduko ditu ateak?
Udalak eman beharreko pauso guztiak eman ditu. Lehen esleipena hutsik geratu ondoren deialdi negoziatua egin genuen. Interesa azaldu zuen pertsona batek eta proiektua aurkeztu zuen. Kontratua sinatuta daukagu, baina obra batzuk egin nahi ditu esleipendunak ireki aurretik. Sanmartinak iritsi aurretik lanak bukatuko ez dituenez, eskatu diogu gerorako uzteko. Amasako gazteek irekiko dute taberna festetan eta gerora hasiko dira lanak eta ea lehenbailehen bukatzen dituen eta urte amaitzerako irekitzen den taberna. Gogoz dago jendea hiru urte baitira taberna itxita dagoela.
Errepikatuko duzu alkategai gisa datorren udal hauteskundeetan?
Oraindik ez dugu ezer hitz egin.
Indarrarekin sentitzen al zara aurrera jarraitzeko?
Bai, ondo sentitzen naiz. Ni hemen sartu nintzen herriaren alde eta herritarren alde aritzeko, eta daukadan guztia emango dut konpromiso horren alde, behintzat, legealdia bukatu bitartean; gero gerokoak.