Aritz Ibarrari elkartasuna adierazi dio Xuhar herri plataformak

Ataria 2025eko urriaren 21a

Ertzainak, iragan ostiralean, Aritz Ibarra identifikatzen. Ibarrak berak zabaldu du irudia X sare sozialean. BERRIA

Urriaren 12an Gasteizko gertakarietan zauritutako guztiekin ere akordatu dira herri plataformakoak. Esan dute nekatuta daudela Ertzaintzaren jokabide «bidegabeaz».

Ahoa birrinduta eta matrailezurra hautsita. Ertzaintzak gertutik jaurtitako pilotakada batek zauri larriak eragin zizkion Aritz Ibarrari, urriaren 12an Falange Espainolak Gasteizen eginiko manifestazioaren aurkako protestetan. Xuhar herri plataformak elkartasun eta besarkada bidali die Gasteizko gertakarietan zauritutako guztiei, baita matrailezurrean tirokatua izan zen Aritz Ibarra gazteari ere.

«Xuhar eskuineko begitik itsu utzi zutenetik urte eta erdira, ustez herritarren segurtasuna erdietsi behar duten horiek Tolosako inauterietan ikusi genituen jokabide berdinak praktikan jartzen jarraitzen dute. Indarkeria poliziala modu neurrigabean erabiltzen eta herritarren segurtasuna ezbaian jartzen jarraitzen dute», esan dute herri plataformako kideek. Ikerketa justu bat eskatu dute, «beste behin inpunitatea gailendu ez dadin».

Amaitzeko «gizatasuna» eskatu zieten arduradun politikoei, biktimarioak babestu ez daitezen eta ez dadin biktima kriminalizatu. «Nekatuta gaude Ertzaintzaren jokabide bidegabeaz, nekatuta gaude indarkeria polizial neurrigabe eta inpuneaz, nekatuta gaude egunak joan eta egunak etorri albistegietan hezur hautsiez, begi lehertuez eta zaurituez entzuteaz».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!