Begirada zabaldu eta jakin-mina piztu nahi die parte hartzaileei Mirari Errondosoro Etxabek (Amasa-Villabona, 1973). Papera nola egin ikasteko tailerrean parte hartu nahi duenak aurrez eman beharko du izena 656 74 24 50 telefonoan edo mirari@kimuri.es helbidean.
Nola sortu zaizu aukera tailer hau emateko?
Inoiz pentsatu izan dut jardunaldi hauetan parte hartzea, baina ez zait inoiz parean tokatu. Aurten garaiz ibili naiz, tailerra egiteko proposamena egin nuen eta onartu egin zidaten.
Zer da bertan erakutsiko duzuna?
Ondarearen Europako Jardunaldietan urtero gai bat aukeratzen dute. Aurten ondare arkitektonikoaren inguruan antolatu dituzte ekintzak. Pentsatu nuen eraikin baten asmoa plano baten gainean hasten dela beti eta planoa paper gainean joaten denez papera egiten ikasteko tailerra antolatu dut larunbaterako.
Nondik datorkizu paperarenganako interesa?
Beti nabil buruari eragiten. Paper tailerrak jaso izan ditut eta eman ere bai. Hemen maisu handi bat daukagu, Juan Barbe, eta hark eman dizkit paperaren inguruko irakaspenak.
Zein zuntz natural eta hondakin organiko erabiliko duzue tailerrean?
Guk tailerrean, nagusiki, Japoniatik datorren abaka landarea erabiliko dugu eta baita kotoia ere. Oihalekin egindako pulpa erabiliko dugu, trapuetatik datorrena. Eta hondakin naturalei dagokionez, berriz, porrua, alkatxofa, tipula eta laranja azala erabiliko ditugu, adibidez. Haritz-kalitxarekin ere egingo ditugu probak.
Prozesu luzea al da?
Luzea izan daiteke zuntz naturalak prestatzeak denbora eskatzen duelako. Egosteko orduak behar dira eta gero lehortzen ere utzi behar dira. Horregatik larunbateko tailerrerako zati hori aurreratu egingo dut. Erabiliko ditugun materialetako batzuk prestatuta eramango ditut, bi ordutan askorako denborarik ez duelako ematen. Bestelakoan, ez da denbora asko behar. Pulpa moduko bat egiten da uretan eta, gero, sareta duen marko batekin forma ematen zaio pastari. Lehortu egin behar da bukatzeko; eguraldi onarekin ordu pare batekin nahikoa da, eta bestela gehixeago itxaron behar da.
Zer nolako erabilpena izan dezake bertatik sortutako paperak?
Modu askotara erabili daiteke. Ez du zerikusirik paper industrialarekin eta artista askok erabiltzen dute. Bolumena ere eman diezaiokezu paperari eta horrekin bestelako lanak egin: lanparak, ontziak, saskiak...
Zeinentzat izan daiteke egokia tailerra?
Edonor etorri daiteke, gazteak nahiz helduak. Txikienek heldu batekin etorri beharko dute. Toki handirik ez dago Kimuri tailer honetan eta 6-8 lagunek parte hartu ahal izango dute, asko jota.
Nola animatuko zenituzke herritarrak?
Papera nola egin dezakegun jakinaraztera emateko modu bat da tailerra. Interesa duenak jarraitu ahal izango du ikasten nahi izatera. Inork bere buruari galdetu badio esku artean izaten dugun gauza sinple bat, orrialde bat, nola egiten den, okasio polita izango du larunbateko ikastaroan prozesu hori ezagutzeko. Ezagutu eta egiteko, denok egin baitezakegu papera. Begirada ireki eta jakin-mina piztu nahi nieke parte hartzaileei.