Amasa-Villabonako Udalak eta Berdintasunean Ados! mahai parte hartzaileak herriko zaintza sistemaren diagnostiko bat osatu dute eta etorkizunerako zenbait lan-lerro proposatu. Urriaren 15ean, asteazkenean, 18:30ean Subijana etxean egingo dute zaintza sistemaren diagnostikoaren aurkezpen publikoa.
«Zaintza lanen antolaketa emakume eta gizonen arteko desberdintasunaren iturri nagusienetarikoa da. Amasa-Villabona parekide bat eraiki nahi badugu ordea, ezinbestekoa da errora joan eta egoera hori irauliko duten gakoak topatzea», esan dute udal arduradunek. Eboluzio demografikoari eta gizakion bizi-itxaropenaren etengabeko hazkundeari ere begiratu diote, eta azpimarratu dute biztanleriaren zahartze-prozesuan murgilduta gaudela eta 65 urtetik gorako herritarrak geroz eta gehiago izango direla. «Egoera honek zaintza sistema publikoaren zabaltze edo hedatze bat eskatzen du hainbat mailetan».
Udala jabetzen da, aldi berean, zaintza lanak egiten dituzten profesionalen lan baldintzak hobetu behar direla, «zoritxarrez askotan ematen diren prekarietate eta esplotazio egoerekin behin betirako amaitzeko». Sektorea oso feminizatua eta askotan etorkinak edota pertsona arrazializatuak izaten dira zaintza lanetan dihardutenak. «Gizarte gisa, eta erakunde publikoetatik egoera honi erantzun behar diogu, onartezina baita oraindik ia esklabotasuna existitzea».
Diagnostikoaren aurkezpena herriko zaintza sistema zabal, egoki eta justu bat eraikitzen hasteko lehen urratsa izango dela nabarmendu dute, estrategia publiko-komunitarioak marrazten hasteko. Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu aurkezpen ekitaldian parte hartzera.