Berdetu dute Villabona

Ataria 2025eko irailaren 27a

Bigarren urtez jarraian minbiziaren aurkako mendi martxa egiten ari dira Villabonan. Parte-hartzaileak zapi eta kamiseta berdeak jantzita, berdetu dute helmuga-gunea. Errebote plazaren bueltan haur eta gaztetxoei zuzendutako tailerrak eta puzgarriak izan dira.

Minbiziaren inguruko tabu soziala desagerraraztea dute helburu gaurko mendi martxarekin. Eta horretarako, 9,8 kilometroko ibilbidea –luzea– edo 7,7 kilometrokoa –motza– egin behar izan dute parte-hartzaileek, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak antolatuta.

Antolakuntza «pozik» azaldu da jendearen parte-hartzearekin gaurko jarduera fisiko solidario honetan. Izan ere,  300 pertsona baino gehiagok hartu du parte ekimenean. Helmugara iristean kirolariei txartelean zigilua bota diete, eta gehienek irribarrea aurpegian zutela jasotzen zuten berriz txartela bueltan. Ia 10 kilometroko ibilbidean aldapa batzuk topatu badituzte ere, «errekuperatzeko denbora bazela» nabarmentzen zuen parte hartzaile batek amaieran.

Elkarteak bildutako dirua «pazienteei eta haien senideei doako zerbitzuak eta arreta eskaintzen jarraitzeko» erabiliko duela aurreratu du. Honela, besteak beste, terapia psikologikoa, arreta soziala edo material ortopedikoen mailegua bezalako zerbitzuekin jarraituko du Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak.

Behin txartela zigilatuta, Berdura plazara sartzen ziren ibiltariak indarrak errekuperatzera; bertan, salda, kafeak eta jatekoak prest baitzituzten Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartekoek.

Txikienentzat aisialdi-leku

Txikienek ohitura osasuntsuekin bustitzeko jarduerak prest zituzten Errebote plazan. Esaterako, Reala Fundazioak puzgarriak jarri ditu ume guztien eskura, eta Irrika aisialdi taldeko begiraleek aurpegi-margotze lanetan aritu dira 11:30az geroztik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!