Zentral eolikoen aurkako elkarretaratzea egingo dute Zelatunen

Ataria 2025eko irailaren 24a

Amasamendi Bizirik taldekoak uztailean sinadurak biltzen Amasa-Villabonan

Irailaren 28an, igandea, 13:00etan egingo dute elkarretaratzea Errezil Bizirik, Sañu Bizirik eta Amasamendi Bizirik taldeek deituta.

Ohar bateratua kaleratu dute Amasamendi Bizirik, Errezil Bizirik eta Sañu Bizirik taldeek, mendietan zentral eolikorik ez dutela nahi berriz adierazteko eta herritarrei hilaren 28an egingo den elkarretaratzean parte hartzera deitzeko. Zelatungo zelaietan egingo dute iraileko azken igandean, 13:00etatik aurrera.

Duela gutxi Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argiratu da Sañuko Piaspe proiektuaren ingurumen inpaktuaren kontrako adierazpena. Statkrafek aurrera eraman nahi zuen proiektua atzera botatzea lortu dutela diote Sañu Bizirik taldekoek, baina ez zaie iruditzen orain herritarren eta eragileen lana ospatzeko ordua denik; Amasamendi Bizirik eta Errezil Bizirik taldeekin batera atera duten irakurketan diote oraindik ere hainbat arrazoi daudela «ezinegona» sortzen dutenak.

«Batetik, enpresak herritarrona den lurra bereganatzeko intentziorekin jarraitzen dute beraien mozkinak handitzeko. Azpeitia, Errezil eta Zestoan, Statkraft hitz politak eta promesa handiak eginda, instituzioen eskuetatik helduta azaldu zen bezalaxe, Premier Group, KGAL Alemaniako inbertsio fondoaz hornituta eta, berriz ere, instituzioen laguntzaz iritsi da Amasa-Villabonaraino», adierazi dute makro-proiektuen aurkako hiru taldeek.

Zentral eoliko eta fotovoltaikoez gain, aipatu dute berrehundik gora makro-proiektu jarri nahi dituztela martxan Euskal Herrian: «Gehitu hauei AHTa, goi tentsioko lineak, subfubiala, golf zelaidun hotela, Big-data zentroak eta bete hainbat proiektu txikitzaile». Aldi berean, laster behin betiko onarpena jasoko duten Eusko Jaurlaritzaren LPS Lurralde Plan Sektorialari ere egin diote erreferentzia. «Lurralde antolamendu honekin enpresek erraztasunak edukiko dituzte gure bailaretan fotovoltaikoak eta mendietan eolikoak ezartzeko. Herritarren eta ingurumenaren babesa oinarrian izan beharko lukeen lurralde antolamendua izan ordez, multinazionalen eskuetara egongo den bat izango dugu, gure baliabide naturalekin haiek poltsikoak betetzen jarrai dezaten», esan dute Amasamendi, Errezil eta Sañu Birizik taldeek.

Amaitzeko Zelatunen egingo duten elkarretaratzera gonbidatu dituzte herritarrak eta azpimarratu dute denen artean Sañu babestea lortu baldin bada, merezi duela borrokari heltzeak, «ikusi dugu fruituak ematen dituela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!