Aldundiak esan du lanek 413.560 euroko aurrekontua izango dutela eta lau hilabetean egingo direla. Lanak urrian zehar hasiko dira.
Proiektuaren arabera, bi metroko zabalerako espaloi bat eraikiko dute eskuineko ertzean, GI-3751 eta N-I-441 errepideen arteko elkargunean. Horri esker, Villabonako hirigunea segurtasunez lotuko da Amasara doan errepide-zatiarekin. Horretarako, lehendik dagoen bidegurutzea berrantolatu eta lekuz aldatuko dute. Era berean, segurtasun hesi bat jarriko dute oinezkoak babesteko. «Zati hori egiteaz gain, Aldundia lanean ari da jada Amasako herrigunerako oinezkoentzako bidea egiteko proiektuan. Bigarren proiektu honen idazketa oso aurreratuta dago, eta laster jarriko da jendaurrean», esan du Irune Berasaluze foru bozeramaileak. Luzapen horrek tarte berriari emango dio jarraipena, errepidearen beste aldetik, eta GI-3751 errepidearen hasieran gurutzatzeko puntu seguru bat jarriko dute.