Antzinako gezi punta bat aurkitu dute Amasako Garmendi koban

Ataria 2025eko irailaren 23a

Garmendiko koban topatutako suharrizko gezi-punta. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA

Suharrizko gezi punta Neolito-Kalkolito garaikoa da, hots, 5.000 edo 4.000 urte inguru ditu; oraindik ez dute suharriaren jatorria argitzeko analisia egin.

Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak Amasako Garmendiko koban lanean aritu dira, eta aurtengo ekinaldiko aurkikuntzarik nabarmenena azken Neolito-Kalkolito garaiko suharrizko gezi punta bat izan da. Jon Aldaia Aranzadiko kide eta arkeologoak zuzentzen du indusketa eta bertan lanean aritu dira Karlos Almorza, Jexux Bidaola, Joxe Luis Iraola, Esther Lopez, Andoni Mateos eta Pako Barrio.

Aldaiak azaldu du aurkikuntza horrek baieztatzen duela historiaurreko gizakiek Loatzo mendialdeko baliabideak ustiatzen zituztela duela 5.000-4.000 urte inguru. Gezi punta ez da hori adierazten duen lehen aztarna, izan ere, Aranzadiko taldeak duela bi urte hilobi koba txiki bat aurkitu zuen Irurako Laskibar auzoan, giza-hezur eta zeramika arrastoekin. Zentzu berean, joan den urtean Loatzon aurkitutako Irañetako tumuluaren berri ere eman zuten. Nola tumulua, hala hilobi koba Neolitotik-Brontze Arora arte hildakoak gordetzeko erabili zituzten.

Aldaiak azaldu du aztarna guzti horiek —bailarako beste hainbatekin batera— agerian uzten dutela ingurua «modu nahiko intentsiboan» ustiatzen zutela garai hartarako. Dagoeneko bukatu dute aurtengo Garmendiko kobako ekinaldia: «Horrelako gezi-puntak ohiko materiala dira, Alkiza inguruan ere topatu izan ditugu. Baina hauek dira Amasa inguruan topatu ditugun aztarna zaharrenak. Tumulua, berriz, oraindik ez dugu induskatu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!