Iazko Tolosako inauterietan Xuhar Pazos gaztea begian larri zauritu zuen ertzainek jaurtitako foam pilota batek. Joan den urteko azaroan artxibatu zuen auzia Tolosako 1. Instrukzio Epaitegiak eta, orain, auzibidea berriro zabaltzeko agindu dio Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak.
Aiert Larrarte abokatuak salatu du Xuharri «deklaraziorik hartu gabe» artxibatu zuela auzia epaileak. Hari berari tiraka, haserre hitz egin du gaztearen aitak: «Epaileak esan zuen 'ez zuela garrantziarik' Xuharren deklarazioak, eta ez zuela 'trantze horretatik pasarazi nahi'. Gertatu zaion guztia nahikoa trantze izango ez balitz bezala».
Poza, neurri batean
Jon Pazosek, gaztearen aitak, azaldu du poztu egin direla auzibidea berriro zabaltzeko aginduarekin: «Neurri batean onartu dute, behintzat, gauzak hasieran ez zirela ondo egin». Baina oraindik ere «gardentasun falta» sumatzen dutela nabarmendu du: «Gau hartako irudiak behin eta berriz eskatu ditugu froga gisa eta, urtebeteren ondoren, zain jarraitzen dugu».
Hain zuzen, kale horretan kamera bat zegoela ekarri du gogora Pazosek, zeinak dena grabatu zukeen. Kontatu du ezbeharra gertatu ondorengo egunean eskatu zituela irudiak, eta ez dutela ezer jaso: «Zer dute ezkutatzeko? Zergatik ez digute eman bideo hori? Aitzakiak besterik ez ditugu jaso. Eta bien bitartean nire semeak sekulakoak entzun eta pasatu behar izan ditu».
Gertakaria «politizatzen» ahalegindu direla ere seinalatu du Pazosek: «Kale borroka zela, antolatuta zegoela, nire semeak 'ondotxo zekiela' une hartan non zegoen... Ardura onartu eta aurpegia eman beharrean, erruduntzat nire semea jotzen eta gertatutakoa politizatzen saiatu dira mediatikoki».
«Neurrizko» esku hartzea
Ertzaintzaren arabera agenteek tiro «50 metrotik baino gehiagotik» egin zuten, «gorputzaren beheko aldera», eta beste pertsona baten besoan errebotatu ostean jo zuen gaztearen begia foam jaurtigaiak. Hori horrela ondorioztatu zuten agenteek protokoloa bete zutela.
Gau hartan hiru pertsonak jarri zuten salaketa, Ertzaintzaren oldarraldiaren ostean zauritu eta gero.
Ertzaintzaren kontakizunak ez du sinesgarritasunik sendiarentzat: «Proportzionaltasuna dago jokoan. Neurrizkoa izan zen Ertzaintzaren jokabidea? Nerabez betetako kale bat zela kontuan hartuta? Badaude irudiak, non ikusten den kalea erdi hutsik zegoela eta Ertzainak oraindik tiroka jarraitzen zutela».
Babesa, auzi
«Ikusten dudan gauza bakarra da polizia oso babestuta dagoela arlo judizialetik, epaitegi barrutik», eurak, kontrara, babesgabe sentitzen direla ere aitortu du Pazosek: «Nire semea begi batetik ikusmenik gabe eta arlo psikologikoan ere ukituta utzi dute. Betirako baldintzatu diote bizitza, mugatu egin dute». Eta are, instituzioen aldeko laguntzarik ez dutela jaso ere nabarmendu du, «jendeak pentsatzen du baietz, baina ez gaituzte ezertan lagundu».
Aurrera begira, berriz, «borrokan jarraitzeko» indarra badutela ere adierazi du, baina ezkor aipatu ditu beste zenbait indarkeria kasu: «Ikusita nola aritu diren Cabacasekin, Amaya Zabarterekin...».
Finean, polizia eredua aldatu beharra ikusten du: «Eredua aldatu behar da. Gaur egun kontrolpetik kanpo dago».