Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak bigarren mendi martxa solidarioa antolatu du irailaren 27rako Villabonan. Bigarren urtea da jarraian martxa bertan antolatzen dutela eta Maider Sierra Tolosaldeko elkarteko prebentzio psikologoak adierazi duenez eskertuta daude, berriro ere, Villabonako Udalak ekimena jasotzeko agertu duen prestasunagatik.
Lau helburu finkatu dituzte aurten irailaren 27ko mendi martxarako: «Jarduera fisiko solidario baten bitartez, gizartearen parte hartzea areagotzea; minbizia ikusaraztea gaixotasunaren inguruko tabu soziala ezabatzeko; kirolaren bidez bizimodu osasungarria sustatzea; eta batez ere, Villabonako eta Tolosaldeko gizarteari aukera ematea minzibia duten paziente eta senideei babesa adierazteko, ekitaldi hunkigarri eta solidario baten bitartez».
Izan ere, Sierrak adierazi duenez, elkartean «oso argi» dute pazienteek eta senideek izan behar dutela euren jardunaren erdigunea. «Horregatik haiei zuzendutako doako zerbitzuak eskaintzera bideratuko da jarduera honekin lortutako irabazia, orain arte egin den bezala».
Izen emateak aurretik
Edurne Martinez de Trebiñok eman ditu irailaren 27ko mendi martxaren inguruko xehetasunak. Elkarteko kideek Villabonako Aizkardiren laguntza jaso dute guztia antolatzeko eta mendi elkartekoak arduratuko dira markatze-txartelak banatzeaz; martxaren egunean, Berdura plazan, 08:30etik aurrera egingo da banaketa. 09:30ean emango zaio hasiera mendi martxari, baina lehenago parte hartzaile guztiekin argazki jendetsua atera nahi dute antolatzaileek.
Hilaren 27ko hitzorduan parte hartzeko aurrez eman behar da izena: Enmarcha.contraelcancer.es webgunean egin daiteke edo, bestela, aurrez aurre Villabonako Olaederra kiroldegian. «Iaz jende asko animatu zen modu horretara eta aurten ere aukera eman nahi diegu bertako herritarrei izena presentzialki eman dezaten», esan du Martinez de Trebiñok. Helduek 8 euro ordaindu beharko dituzte izen ematerakoan eta kamiseta berdea jasoko dute oparitan. 4 eta 12 urte artekoek 4 euro ordaindu beharko dituzte eta 3 urtez azpikoentzat doanekoa izango da parte hartzea.
Aurtengo martxarako ibilaldi luzeagoa prestatu dute Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko kideek. «Iazkoa 7,7 kilometrokoa zen, baina aurten Aranerrekatik pasatzeko aukera probestu nahi genuen eta, azkenean, 9,8 kilometroko ibilbidea atera zaigu. Dena den, hainbeste ibili nahi ez dutenek, aukera izango dute iazko itzuli bera egiteko, boluntarioak egongo baitira bide osoan zehar», azaldu dute elkarteko kideek.
Eragileekin elkarlana
Berdura plazan hasi eta amaituko da mendi martxa eta han, Irrintzi elkarteko bazkideek salda banatuko diete parte hartzaileei. Ibilaldian ateratzen ez direnentzat, goizean zehar animazioa egingo da plaza inguruan: Irrika aisialdi taldeak jolasak prestatuko ditu eta Real Sociedad fundazioko puzgarriak ere egongo dira tartean. Gainera, 12:15ean Villabonako Besamotza konpartsako erraldoiak eta buruhandiak aterako dira kalera.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak eskerrak eman dizkie CMO Valves enpresari beste urte batez, martxaren babesle nagusi izateagatik. Babesle eta kolaboratzaileak ere izan ditu gogoan Martinez de Trebiñok eta haien laguntza «ezinbestekoa» dela nabarmendu du. Ataria-k ere babestuko du irailaren 27ko ekimena.
Amasa-Villabonako Udalak bat egin du bere herrian egingo den mendi martxarekin eta Beatriz Unzue alkateak aipatu du ohorea dela udal ordezkarientzat euren herria aukeratzea gisa honetako elkartasun ekimen bat antolatzeko: «Guretzat pribilegioa da bigarren urtez jarraian mendi martxa honen egoitza izatea. Oso harro gaude gure herria berriro ere elkartasunaren topaleku izango delako. Ariketa fisikoa eta elkartasuna uztartzen dituen mendi martxa honetan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak; ingurune naturalaz gozatzeko, ohitura osasuntsuak sustatzeko eta, aldi berean, minbiziaren aurka borrokatzen dutenei gure babesa emateko».
II. Mendi Martxa
- IRAILAK 27, LARUNBATA
- 08:30 - 09:15. Ibilaldi neurtuaren markatze-txartelen banaketa.
- 09:30. Mendi martxaren irteera.
- 11:30. Aisialdi jolasak Irrika aisialdi taldearen eskutik eta Real Sociedad fundazioaren puzgarriekin.
- 12:15. Erraldoiak eta buruhandiak Besamotza konpartsaren eskutik.