Irrintzi elkarteak antolatuta, azoka berezia larunbatean

Ataria 2025eko irailaren 10a

Pasa den urteko azokako irudia.

Postuak goiz osoan egongo dira, eta eguerdian isats gisatu lehiaketako irabazleak emango dituzte jakitera.

Villabonako Irrintzi elkarteak antolatuta, XXX. Azoka Berezia izango da larunbatean, hilaren 13an, Errebote plazan. Ohi bezala, artisautza eta elikagai postuak egongo dira goiz osoan.

Aurten ere, isats gisatu lehiaketa egingo dute azokarekin batera. Parte hartzaileei isatsa banatuko zaie eta bakoitzak bere aldetik prestatuko du. Azken ukitua emango diote larunbatean Errebote plazan bertan, eta eguerdian jakingo dira irabazleen izenak.

Bestalde, azokaren ostean, bazkaria egingo dute Irrintzi elkartean, eta isatsa dastatzeko aukera izango da. Edonork bazkaldu ahalko du bertan, eta horretarako 25 euro ordaindu beharko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!