Euskal Herriko zazpi taldek parte hartuko dute 62. Enrique Abril Errebote Txapelketan, tartean Villabonako Behar Zanak. Beste taldeak hauek dira: Kanboarrak (Kanbo, Lapurdi), Luzean (Donibane Lohizune, Lapurdi), Txost (Oiartzun, Gipuzkoa), Senpere (Senpere, Lapurdi), Zaharrer Segi (Baigorri, Nafarroa Beherea), Zubieta 1 eta Zubieta 2 (Zubieta, Gipuzkoa). Partida guztiak Oiartzungo, Villabonako eta Zubietako plazetan izango dira. Eguraldiak ez badu txapelketaren martxa baldintzatzen, finala urriaren 19an izango da ikusgai, Zubietan.
Bost asteburutan jokatuko dira ligaxkako partidak, eta lehenengo partida bihar jokatuko da, Oiartzungo plazan, Luzean eta Kanboarrak taldeen artean. Igandean beste bi partida jokatuko dira: Zubietan, Zubieta 1 eta Senpere artean, eta Oiartzunen, Txost eta Zaharrer Segi artean. Partidak 10:30ean hasiko dira.
Hurrengo asteburuan, irailaren 14an, Villabonako Errebote plazan jokatuko da partidetako bat, Behar Zana eta Zaharrer Segi taldeen artean. Irailaren 21ean, berriz, Luzean eta Senpere taldeen artekoa jokatuko da Villabonan. Behar Zanak egun horretan Oiartzunen jokatuko du, Txost taldearen aurka. Hurrengo norgehiagoka Villabonan urriaren 5ean jokatuko da, Zubieta 2 eta Behar Zana artean. Finalerdiak urriaren 12an izango dira, baina oraindik zehaztu gabe dago lekua.