Txakolin Eguna egingo dute Amasan irailaren 13an

Ataria 2025eko irailaren 4a

Uxo-Toki elkarteak antolatzen du urtero ekitaldia. Eguna abiatzeko Sega Txapelketa Herrikoiaren 4. edizioa egingo dute Amasako plaza ondoko lur sailetan. Bederatzi parte hartzaile ariko dira.

Amasako Uxo-Toki elkarteko kideek eta herriko gazteek, urtero bezala, Txakolin Eguna antolatu dute. Irailaren 13an ospatuko dute aurten. Getariko izendapena duten txakolinak dastatu ahal izango dira plazan eta goizean goizetik plazan erreko duten txekorraren pintxoak dastatu ahal izango dira arratsaldean.

Txakolin dastaketaren aurretik, 16:30ean IV. Sega Txapelketa Herrikoia egingo dute plaza ondoko lur sailetan. Bederatzi parte hartzaile izango dira: Mikel Arretxe, Arkaitz Arretxe, Jon Beldarrain, Joseba Astiasaran, Julen Etxeberia, Jon Ezeiza, Kepa Otegi, Aimar Iraola eta Manex Ugarte. Sega proba nazioarteko eran egingo da; alegia, azkartasuna eta txukuntasuna hartuko dira kontuan. Sailkapen proban 100 metro koadroko saila ebaki beharko dute. Lau segalari hoberenak finalera sailkatuko dira, eta 200 metro koadrokoa izango da ebaki beharreko saila.

Behin sega txapelketa amaituta, Amasako plazan izango da txakokin dastaketa eta pintxoak dastatzeko aukera.

Honako bideoa prestatu dute Uxo-Toki elkartekoek irailaren 13ko festa iragartzeko:

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!