Astebetez Aranerrekako harpean lanean aritu dira Aranzadiko Zientzia Elkarteko kideak. Amasako herrigunetik hegoaldera dago eremua, hain zuzen, Amasatik Oriara isurtzen den azkeneko errekastoa baita Aranerreka. Eremua lantzeko bi urtetarako dirulaguntza jaso dute Amasa-Villabonako Udaletik eta Gipuzkoako Foru Aldunditik, eta, lehen honetan, zenbait aurrerapen egin dituzte.
Hirugarren ekinaldia du Jon Aldaia Aierbe arkeologoak zuzendutako taldeak Aranerrekako harpeko aztarnategi arkeologikoan. Aurtengo lanketan iazko eremua zabaldu dute, besteak beste, aurretik identifikatutako etxolak itxiturarik zuen edo kanpoaldera hedatzen zen jakiteko. Orain artekoez gain, maila arkeologiko berri bat hauteman dute eta, horrez gain, zenbait zeramika puska txiki, ikatzak eta erretako zenbait hezur topatu dituzte.
Aldaiak azaldu du aurten landu duten maila «antzuagoa» dela material aldetik: «Barruan dagoen beste maila, Burdin Arokoa dena eta 2.500 urte inguru dituena, askoz aberatsagoa da. Baina hori, ziur aski, datorren urtean induskatuko dugu».
Urtez urte aurrera
Iaz eremu bat zabaldu zuten harpea zein okupazio mailakoa den eta nolako egituraketa duen ikusteko, eta, aurten, maila arkeologiko berri bat ere topatu dute: «Sutondoaren gainetik beste okupazio bat ere identifikatu dugu. Sutondoaren hondoa Kristo ondorengo [K.o.] 550 urtean dago datatuta. Eremu zabala da, eta interes estratigrafiko handia du. Horren gainetik beste zoru bat prestatu zutela ikusi dugu, azken sutondo bat dago hor».
Arkeologoak zehaztu du «garrantzitsua» dela maila berri hori datatzea: «Gorago dagoenez, garbi dago berriagoa dela, baina oraindik ez dakigu noizkoa den. Hori datatzea garrantzitsua da, gutxi gorabehera jakiteko noiz erabili zuten azkenezko etxe hura».
Hain zuzen, K.o. 550 urteko etxearen lurzoruan aritu dira lanean: «Ekinaldi honetan egin duguna da hasierako puntutik kanporago etorri, ikusteko ea etxeak itxiturarik bazuen, ala kanpoaldera gehiago hedatzen zen. Bloke handi batzuk topatu ditugu, eta oraindik ez dakigu garbi itxitura nolakoa zen edo zehazki zer zen».
Etenik gabeko lana
Bi urterako jaso dute dirulaguntza, eta lehen honetan eremuan bertan sakondu dute: «Sakonean Burdin Aroko mailaraino iritsi ez bagara ere, erdibide batean utziko dugu. Datorren urtean helburua da Burdin Aroko maila osorik industea. 12 metro karratu oso ikusi ahal izango ditugu; eta, horrela, bertan topatutako etxearen zoruaren zati handi bat ikusi ahal izango dugu».
Jarduna elkarlanean egin dute Aldaia arkeologoak eta Aranzadi elkarteko boluntarioek. Hain zuzen, bertan borondatez aritu dira lanean [lehen irudiko hurrenkeran] Jose Luis Iraola Puskas, Karlos Almorza, Aldaia arkeologoa, Jexux Bidaola Txirrita eta Esther Lopez Epelde.