Villabonako jaiak 2025

Atzerapenarekin, baina asebete dira

Ataria 2025eko uztailaren 30a

Kuadrillen eguna ospatzen ari dira gaur Villabonako jaietan, eta zenbait eragozpen izan dituzte bazkaria egiteko.

Villabonako Santio jaietan kuadrillen eguna ospatzen ari dira gaur eta bazkaria zuten lehen hitzordua. Etxeondo parkean egitea zuten aurreikusita eta, eguraldiaren iragarpena gorabehera, bertan egitea erabaki dute lehen orduan. Gerora, ordea, atertzen ez zuela ikusita Zubimusu ikastolara lekualdatzea erabaki dute.

Horrek bazkaltzeko ordua atzeratzea ekarri du eta hori gutxi ez, eta materiala ekarri behar zuten zenbait ibilgailu beranduago iritsi dira, errepidean izan diren istripu eta auto ilarengatik. Antolatzaileen hitzetan: «Gaizki atera da gaizki atera zitekeen guztia».

Dena dela, jendetza bildu da ikastolako aterpean, hain zuzen, 1.700 billabonatar inguru, 137 kuadrillatan banatuta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!