Villabonako jaiak 2025

Baditu irabazleak XIII. Antton Pebeten oroimenezko txapelketak

Ataria 2025eko uztailaren 27a

Emakumezkoetan Salsamendik eta Mendiburuk irabazi dute; gizonezkoetan, berriz, Apezetxea eta Landa izan dira onenak.

Gaur goizean jokatu dituzte Villabonako Santio txapelketako finalak. Hamahirugarren edizioa izan du Antton Pebeten oroimenezko lehiaketak, eta bikote irabazleak Laia Salsamendi eta Ane Mendiburu zein Beñat Apezetxea eta Unax Landa izan dira.

Lehen finala emakumeena izan da, eta txapeldunek aise hartu dute mendean aurkako bikotea: Ruiz de Infante eta Mendizabal. Hasieratik nagusitu da txapela jantzi duen bikotea, eta markagailua 22-9 punturekin itxi dute. Horrez gain, txapelketako jokalari onenaren garaikurra ere eskuratu du Salsamendik.

Bikote ona osatu dutela iritzi diote bi pilotariek, batak besteari «konfiantza» eman diotela adierazi eta «eroso» aritu direla ere aitortu dute. Hasieratik aurrea hartu izana «gakoa» izan dela esan dute, eta «txapelketarekin gustura» geratu direla aipatu badute ere, «hobetzeko kontuak» geratu zaizkiela uste dute.

Lehia estua, erdiraino
Jarraian iritsi da gizonezkoen finala eta partidaren erdialderaino indarrak parekatuta izan dituzte Apezetxea eta Landak zein Murua eta Arbizuk. Norgehiagokaren ekuatoretik aurrera, ordea, gehiago izan dira Apezetxea eta Landa, eta 22-12 irabazi dute txapelketa. Hori gutxi ez, eta Landak txapelketako jokalari onenaren saria ere jaso du.

Batak bestearen lana goraipatu dute bi irabazleek, eta gakoa «atzean» egon dela nabarmendu du Apezetxeak: «Aurrean ez da tanto askorik egon, frontisetik asko ateratzen zen pilota. Protagonismoa atzelariek izan dute». Lehiaketa guztian Landa «oso ondo» aritu dela uste du; berak, ordea, «mailarik onena» ez duela eman. Apezetxearen inguruan Landak, bestalde, «partida oso serioa» jokatu duela uste du, eta «oso gustura» geratu da oro har lehiaketarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!