Parke eolikoaren proiektua gelditzeko eskatzen ari dira

Ataria 2025eko uztailaren 19a

Ostegunean abiatu zuten sinadura bilketa eta «harrera beroa» izaten ari direla esan dute Amasamendi Bizirik taldeko kideek. Azpiegitura erraldoia bertan behera uzteko eskatzen ari dira, ingurumenarekiko errespetuzkoa izango den bestelako eredu energetiko baten alde.

Premier Espf Ipaz Haizea S.L. enpresak Amasamendin parke eoliko bat eraikitzeko asmoa duela jakin eta gero, hainbat herritar bildu dira Amasamendi Bizirik plataforman proiektuaren inguruko informazioa jaso eta egitasmoa hau bertan behera geratu dadin eskatzeko. Herritarren babesa eskatzeko sinadura bilketa bat abiatu dute eta gaur goizean Villabonako Berdura plazan izan dira informazioa banatzen eta firmak biltzen.

Amasa, Villabona, Zizurkil eta inguruetako herritarrek osatu dute taldea eta denek kezka bera partekatzen dute, zer gertatuko ote den Amasamendirekin parke eolikoa eraikitzen badute. «Berrehun metroko dorreak dira, haize errota bakoitzak 60 pisu dituen eraikin baten adinako altuera izango luke. Nora goaz? Benetan behar al da horrelakorik?», galdetu dute Amasamendi Bizirik taldeko kideek. Gaineratu dute hegal bakoitzak 70 metro neurtzen dituela eta blokean eramaten dituztela haize errota eraikitzen diren lekura. Amasa inguruan horrek guztiak «txikizioa» eragingo lukeela uste dute plataforman bildu diren herritarrek.

Haien iritziz Amasamendin nahikoa ustiatuta dagoen eremua da. «Tentsio altuko 56 dorre daude, gas-hodiak, ur-kanala, autobidea... geratzen den apur hori zaindu behar dela uste dugu eta alternatibak egon badaude». Sinadurak jasotzeko orriarekin batera manifestu bat jarri dute eskuragarri non hainbat adituk bestelako energia eredu baten aldeko apustua egiten duten.

Premier Espf Ipaz Haizea S.L. enpresak bi aerosorgailu jarri nahi ditu Amasamendin: lehenengoa Mandabietan, Lastur gainaldean; eta bigarrena, baserrietako bidetik Onddoko borda bitarteko zelai batean. Lur publikoak dira, Amasa-Villabonako Udalak haiekin bildu ondoren, enpresari proposatu dizkionak, aurrez lur pribatuetan eraikitzea aurreikusia baitzuen enpresak.

Aste honetan Amasa-Villabonako Udalak argitu duenez, hiru bilera egin dituzte Premier Espf Ipaz Haizea S.L. enpresako arduradunekin eta neurri batzuk hartu ditu: aditu tekniko bat kontratatzea enpresarekin hainbat gai negoziatzeko; enpresari aurreproiektu tekniko bat idazteko eskatzea; eta herritarren aurrean konpromisoa hartzea, informazioa gardentasunez emateko.

Udalaren asmoa da informazio guztia bildutakoan argitara ematea eta herritarren artean eztabaida sustatzea. Ondoren galdeketa bat egin nahi du herritarrek erabaki dezaten. Udalak dio, hirugarren eta azken bileran, «ahoz» onartu zuela herri galdeketaren baldintza proiektua aurrera eramateko.

Herritarren harrera ona

Joan den ostegunean abiatu zuten sinadura bilketa Amasamendi Bizirik elkartekoek. Garagardo Azokaren atarian egon dira egunotan eta gaur arratsaldean ere badute horretarako asmoa. «Erantzuna oso positiboa izaten ari da eta uste baino sinadura gehiago biltzen ari gara», esan dute taldekideek.

Villabonako festetan eta Goiburukoetan ere jarriko dute mahaia, izan ere, aerosorgailuetako batentzat aurreikusi duten kokalekua ia Andoaingo mugan dago. «Amasa-Villabonako Udalari eta enpresa sustatzaileari bidaliko dizkiogu, azpiegitura erraldoi hau bertan behera utz dezaten eskatzeko eta, benetan, ingurumena errespetatuko duen eredu energetiko bat bultza dezaten»

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!