Atzo arratsaldean jokatu ziren gizonezkoen mailako eskuz binakako finalerdiak Bearzana pilotalekuan, eta kalitate handikoak izan ziren. Lehenengo finalerdia, Azketa-Elizegik eta Apezetxea-Landak jokatu zuten eta finalerako txartela, Apezetxea-Landa bikoteak eskuratu zuen 22-16 irabazita.
Bigarren finalerdia, Murua altzotarrak eta Arbizuk irabazi zuten, 22-18ko emaitzarekin. Fernandez-Apeztegia bikoteak partida ona burutu zuen, baina Murua gazteak eta Arbizu profesional ohiak lortu zuten 22ra iristea.
Emakumezkoen txapelketari dagokionez, asteazken arratsaldean jokatu ziren finalerdiak, eta bi norgehiagokak azken unean erabaki ziren. Lehenengoan Salsamendi eta Mendiburuk osatutako bikoa nagusitu zen 22-19 Aldai eta Arrillagaren aurka, eta bigarrenean Miren Larrarte bidaniarrak Mendizabalekin bikotea osatuta, 22-20 gailendu ziren Ibarrola eta Erasun zizurkildarraren aurka.
Iñaki Lizaso Behar Zana Pilota Elkarteko kideak adierazi du «erreferente» bilakatu dela txapelketa. «Euskal Herrian dagoen zabalena da. 168 pilotarik jokatu dute aurten, 151 gizonek eta 17 emakumek, eta ordezkoak topatzeko ezinean aritu dira. Zenbaki harrigarriak dira. Gainera, txapelketa honetan ikusten diren jokalariak beste edozein txapelketatan jokatzen ikusteko, sarrera ordaindu behar izaten da, eta hemen, doakoa da».
Behar Zanak jakinarazi duenez, uztailaren 27an jokatuko diren finalak ikusi ahal izateko, gonbidapenak eskuratu beharko dira eta Villabonako herritarren arreta zerbitzuan egongo dira eskuragarri. Bearzana pilotalekura gerturatu ezingo duten pilotazaleek ere izango dute finalak etxetik jarraitzekoo aukera, izan ere, ETBk zuzenean eskainiko baititu partidak.