Amasa-Villabonako Udalak komun publiko berria instalatu du Erreboteko plazaren eta Remi Aiestaran pasealekuaren artean, Elikagai Bankuaren parean. Azken urtean hiru komun jarri dituzte Villabonako Toki estrategikoetan; aurreko biak Osasun etxearen aldamenean eta Arroako Fleming herri eskolaren ondoan daude.
Hiru komunak auto-garbigarriak eta erabilera mistokoak dira, doakoak, eta mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokituta daude. Komun publikoak 24 orduetan erabilgarri daude eta kanpoaldean,, hiru pertsonarentzako pixatokiak dauzkate. Libre, okupatuta edo automatikoki garbitzeko prozesuan dagoen adierazten duen argi sistema ere badu komunak sarrerak. Pertsona bakoitzak, gehienez, 15 minutu izango ditu erabiltzeko.
Udalak zerbitzu hau arduraz erabiltzeko eskaera egin die herritarrei.
Ur-jolasak plazan
Ur-parkea egongo da hemendik aurrera martxan Villabonako Erreboteko plazan. 11:00etatik 21:00etara izango dira erabilgarri ur-zorrotadak eta aktibatzeko nahikoa izango da bertan dagoen barra berde gaineko botoia sakatzea. Guztira 11 iturri jarri dituzte lurzoruan eta txorrota horiek intentsitate eta norabide desberdinak dituzte. Lau minutuz egongo dira martxan eta aktibatzeko botoia nahi adina aldiz sakatu ahal izango da.
Uda garaian haur eta gaztetxoen gozamenerako espazio berri bat eskaini nahi du udalak ur-parke honekin. «Herriaren erdigunean kokatzen den oinezkoen eremu seguru batean jarri da ur parkea, eta ezarri den eremu honetan eguzkiak goizez eta arratsaldez jotzen du, urarekin freskatzeko eremu ezin hobea osatuz».
Azpiegitura uda osoan egoera onean mantendu dadin, ur-parkea modu arduratsuan erabiltzeko eskatu du udalak.